Sagardotegi emana orain dela 80 urte
Anton Crehuetek 1992. urteko Santa Ana aldizkarirako idatzitako artikulu bat dago erreportaje honen oinarrian. Bigarren Errepublika Garaian, 1930 eta1935 urteen artean, Ordizian zeuden sagardotegien bilketa lana egin zuen, artean bizirik zeuden lekukoei tartea egin eta garai hartako herri-bizitzaren zertzeladak emanez. Crehuetek dioenez, sagardo produkzio «oparoa» egiten zen urte haietan Ordizian, eta denera 11 sagardotegi zeuden, gehienak kale-etxeetan. Txikiteorako eta bilgunerako tokiak ziren, egungo tabernen ordezko, gehitxo esatea ez bada behintzat. Baina sagardotegiek ibilera txukuna izan zezaten, sagastiak ere behar ziren, eta zeregin horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu zuen 36ko gerra lehertu zen arte. Diputazioaren guardak baserriz baserri ibiltzen ziren sagastiak eta haietan egindako txertaketak kontrolatzen. Gerrak, ordea, sagastien ahanztura eta txikizioa ekarri zuen, eta gerra ondorenak, berriz, miseria. «Goseak bazaude, edateko gogorik ez». Crehuetek dioenez, sagardozale beteranoen ohiko esaldia izaten zen hori. Ausartu ere ausartu zen datuak biltzen, eta 1931 eta 1932 urteetako sagardo produkzioa taula batean jaso zuen, datu aipagarriak utziz. Esaterako, urte batetik bestera sagardoa egiteari utzi zioten etxe batzuk, eta jarraitu zutenek produkzioa jaitsi zuten. Ordizian ere behera egin zuen biztanle kopuruak, eta beherakada hori mundu mailako industria krisiarekin bat dator, bai produkzioan eta baita demografian ere. Arana, lehena eta azkena Eugenio Arana Intxaustik 1888an Euskal Herria [...]
Anton Crehuetek 1992. urteko Santa Ana aldizkarirako idatzitako artikulu bat dago erreportaje honen oinarrian. Bigarren Errepublika Garaian, 1930 eta1935 urteen artean, Ordizian zeuden sagardotegien bilketa lana egin zuen, artean bizirik zeuden lekukoei tartea egin eta garai hartako herri-bizitzaren zertzeladak emanez. Crehuetek dioenez, sagardo produkzio «oparoa» egiten zen urte haietan Ordizian, eta denera 11 sagardotegi zeuden, gehienak kale-etxeetan. Txikiteorako eta bilgunerako tokiak ziren, egungo tabernen ordezko, gehitxo esatea ez bada behintzat.
Baina sagardotegiek ibilera txukuna izan zezaten, sagastiak ere behar ziren, eta zeregin horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu zuen 36ko gerra lehertu zen arte. Diputazioaren guardak baserriz baserri ibiltzen ziren sagastiak eta haietan egindako txertaketak kontrolatzen. Gerrak, ordea, sagastien ahanztura eta txikizioa ekarri zuen, eta gerra ondorenak, berriz, miseria. «Goseak bazaude, edateko gogorik ez». Crehuetek dioenez, sagardozale beteranoen ohiko esaldia izaten zen hori.
Ausartu ere ausartu zen datuak biltzen, eta 1931 eta 1932 urteetako sagardo produkzioa taula batean jaso zuen, datu aipagarriak utziz. Esaterako, urte batetik bestera sagardoa egiteari utzi zioten etxe batzuk, eta jarraitu zutenek produkzioa jaitsi zuten. Ordizian ere behera egin zuen biztanle kopuruak, eta beherakada hori mundu mailako industria krisiarekin bat dator, bai produkzioan eta baita demografian ere.
Arana, lehena eta azkena
Eugenio Arana Intxaustik 1888an Euskal Herria kaleko 16. zenbakian sortutako Arana sagardotegia zen ospe handienekoa. Egurrezko dolarea zuen, eta eskuz egiten zuten lan, harik eta 1915ean dolare elektrikoa jarri arte. Hormigoizko dolarea 1942an egin zuten. Hainbat neurriko upelak zituzten –25.000 litrokoa handiena eta 2.000koa txikiena–, denak emakume izenarekin. Gurdika erosten zuten sagarra, eta irailetik abendura aritzen ziren prentsan. Patsa, berriz, baserrietara saltzen zuten ganaduari jaten emateko. Sagardo gehien otsailetik maiatzera kontsumitzen zen ziritik, eta udan botilan. Eguerdietan litroka saltzen zuten sagardoa, eta iluntzean, 19:00etatik 23:00etara txikitotan zerbitzatzen zuten. Jaten ez zuten ematen, baina norberak bere kaxuelatxoa eraman zezakeen. Aranaren bi semek, Migelek eta Eugeniok, kudeatu zuten sagardotegia, harik eta 1975ean itxi zuten arte.
Hidalgo, mende erdiko bidea
Gurmersindo Hidalgok eta haren emazte Magdalena Eizagirrek sortu zuten Hidalgo sagardotegia 1900 urtean, Santa Maria kaleko 20. zenbakian. Lau mila litroko sei upel zituzten eta 2.000ko beste horrenbeste. Lehen sagardoa, gozo antzekoa, urrian hasten ziren kontsumitzen, eta «sagardo ona» martxotik aurrera. Ostegun eta Ostiral Santuan edaten zen sagardo gehien, eta mahaiak atarira atera behar izaten zituzten denak sartuko baziren. Igandeetan, berriz, meriendak ematen zituzten –txuletak batez ere–, eta lan egunetan otorduak ematen zituzten enkarguz. Mende erdi geroago taberna bihurtu zuten sagardotegia.
Upabi, Arranomendi eta beste
Lazkaibar inguruan baziren sagardotegi gehiago. Simonarenak hamar urte iraun zuen (1942-52), eta lan gehien eguerdian egin zuten CAFeko langileekin. Ardoa saltzen hasi ziren 1952an, jendeak sagardoa edateari utzi baitzion. Upabi zen eremu horretan sona zuen beste sagardotegia. Andres Aranburuk eta Facunda Tolosak sortu zuten, eta 1972an itxi zituen ateak. 30.000 litro egitera iritsi ziren, eta era guztietara saltzen zuten. Eta Arranomendin (La Granjan) Munduate anaiak aritu ziren 1928tik 1975ra. 80.000 litro egin zituzten urte batean, dolare handia eta sagasti propioa zutelako. Bekoetxe, Jauregi, Inazio Haundi, Biona eta Irizar ziren garaiko beste sagardotegietako batzuk.
Eugenio Arana. Arana sagardotegiko arduradun izandakoa
“Jendeak sagardoa edaten zuen orduan ardoa baino merkeagoa zelako”
Bigarren Errepublika Garaiko Ordiziako sagardo munduaz ez, baina gerra ondorenekoaz ondo gogoratzen da Eugenio Arana (Ordizia, 1931). Umetan hasi zen aitarekin sagardotegian lanean, eta azken hamarkadatan Migel anaiak eta biek hartu zuten lekukoa, 1975. urtean itxi zuten arte.
Zergatik erabaki zenuten sagardotegia uztea?
Anaia erretiratu egin zen 1974an, eta bakarrik geratu nintzen. Martxa eramateko bakarrik nengoen, baina ez zen hori bakarrik, izan ere, herri guztian geratzen zen sagardotegi bakarra zen gurea.
Eta bakarrik ezin.
Kontua da sagardotegian egon egin beharra zegoela. Garai batean amonak eta ume txikiak ere aritzen ziren txikitoak ateratzen. Gure amona 90 urtera arte aritu zen txikitoak ateratzen, eta gu zazpi zortzi urterekin hasi ginen. Kontua da garai hartan ia ez zela errentagarria sagardoa, ia ardoaren pare zegoelako. Jendeak sagardoa edaten zuen ardoa baino merkeagoa zelako.
Zenbat balio zuen txikitoak?
Nik zerbitzatu ditut sagardo txikitoak bost zentimoan. Ardoak 10 edo 15 balioko zuen orduan.
Gaur egun ere ez dago sagardoarekin txikiteatzeko ohiturarik.
Orduan ere ez zen sagardoarekin txikiteatzen tabernetan, sagardotegietan bakarrik. Gertatzen dena da orduan bazeudela sagardotegiak, eta gero, gauza bat dela edo bestea dela, pixkanaka ixten joan zirela. Guk urte gehiagotan segitu genuen atxanpanatua egiten eta zabaltzen hasi ginelako.
Garai polita izango zen hura, ezta?
Bai, faltan ematen dut. Nik, orain, 30 urte eta diru pixkat edukiko banu, sagardoarekin txikiteatzeko lokalak jarriko nituzke herrian, upel txiki batzuekin.
Zenbat sagardotegi ezagutu zenituen zuk Ordizian?
Zazpi izango ziren; Upabi, Estanko, Lazkaibar, Simona, Munduate, Hidalgo eta gurea. Ikaragarrizko giroa egoten zen, Aste Santuan batez ere. Sagardorako eta bakailaorako egunak ziren haiek.
Ordiziakoa ez ezik, inguruko jendea ere joango zen zuenera.
Bai, bai. Lazkaotik, Beasaindik… jende asko etortzen zen.
Eta sagarra, nongoa?
Dena hemengoa. Etxekoa, Zegamakoa, Garingoa… Urte batean 400.000 litro egitera iritsi ginen.