Labeaga kaleko plazatxoa berrituko du Udalak.
Urretxuko Udalak prozesu parte hartzaile bat abiaraziko du, Goierri elkartea dagoen Labeaga kaleko plazatxoa nola eraberritu aztertzeko. Horretarako bi tailer antolatu dituzte eta herritarrei hauetan izena emateko eskatu diete.
Labeaga kaleko plazatxo hau «hiri areto» berri bat bihurtu nahi dute, oharrean diotenez. Iparragirre plazak eta Gernikako Arbola plazak izaera instituzionala eta jai girokoa hartu dituzte, hurrenez hurren, eta Labeaga kalekoan aldiz, herritarren eguneroko erabilera sustatu nahi dute, izaera biziago bat emanez. Horretarako, plazatxoa eta alboan duen jolas parkea lotzea aztertzen ari dira, espazioa aprobetxatuz. Inguru hauetan oinezkoei lehentasuna ematea ere tailerretan mahai gainean jarriko duten ideietariko bat da.
Proposamen hauek aztertzeko eta ideia berriak biltzeko bi tailer antolatu ditu Udalak. Otsailaren 25ean, arratsaldez, eta 26an, egun osoz, egingo dituzte hauek. Helburua, dendariekin, bizilagunekin eta eragile desberdinekin egin beharreko lanen inguruan «gutxieneko adostasun oinarri bat lortzea da, eta horren gainean Goierriko plaza berria urbanizatzeko obren proiektua garatzea».
Toki arkitekturak taldea ari da proiektua koordinatzen eta hiri soziologian aditua den Monodestudiok koordinatuko eta dinamizatuko ditu tailerrak. Hauetan parte hartzeko interesa dutenek goierriplaza@gmail.com helbidera email bat igorri beharko dute. Datu pertsonalak, jarduera eta arrazoiak bidali beharko dira emailean.
Bestalde, eztabaidarako materiala, egindako lanak eta prozesuaren emaitzak eta ondorioak goierriplaza.blogspot.com blogean argitaratuko dituzte.