1936ko Gerra Zibilean faxisten eskuetan hildako herritarrak omenduko ditu Legazpiko Udalak
Legazpiko Udalak 1936ko Gerra Zibilean faxisten aurka hildako herritarrak omenduko ditu. Legazpin 59 pertsona hil ziren faxisten aurkako, edo hauek behartutako borrokan. Memoria hori berreskuratzeko asmoz, hainbat ekintza programatu dituzte datozen egunetarako, tartean liburu aurkezpen bat, edota Legazpin frontea egon zen lekurako ibilaldi bat. Sotero Plazaola alkateak eta Mikel Altzelai kultur zinegotziak atzo egin zuten egitarauaren aurkezpenean azaldu zutenez, aurten 75 urte betetzen dira Gerra Zibilak eztanda egin eta Francoren aldeko tropek Goierri hartu zutenetik. Udal ordezkarien hitzetan, gertaera hark «sakon aldatu zuen» Legazpiren errealitatea. «Honezkero gure artean gutxi izango dira urte haiek zuzenean bizi izan zituztenak, baina seguru gaude ez dutela gure herriaren etorkizuna su eta gar markatu zuen esperientzia ikaragarri hura ahaztu». Datuekin indartu zuten adierazpen hau: 59 izan ziren hildako legazpiarrak; 300 herritarrek egin zuten herritik alde; 250 espetxeratuak, lan batailoietara zigortuak edo erbesteratuak izan ziren… «eta kontuan izan gerra hasi zenean Legazpik ez zituela 2.500 biztanle baino gehiago». Gertaera hauek gogoratzearen garrantzia ere azpimarratu zuten atzko agerraldian. «Faxisten erasoaren eta garaipenaren ondoren, errepresio sistema frankistak isilarazi egin zuen gertatu zen guztia eta drama hura ezkutatuta geratzea bermatu zuen. Urte askoan, gerra galdu zutenek, galtzeaz gain ezin izan zuten euren hildako seme-alabak, anai-arrebak, gurasoak, senitartekoak eta lagunak [...]
Legazpiko Udalak 1936ko Gerra Zibilean faxisten aurka hildako herritarrak omenduko ditu. Legazpin 59 pertsona hil ziren faxisten aurkako, edo hauek behartutako borrokan. Memoria hori berreskuratzeko asmoz, hainbat ekintza programatu dituzte datozen egunetarako, tartean liburu aurkezpen bat, edota Legazpin frontea egon zen lekurako ibilaldi bat.
Sotero Plazaola alkateak eta Mikel Altzelai kultur zinegotziak atzo egin zuten egitarauaren aurkezpenean azaldu zutenez, aurten 75 urte betetzen dira Gerra Zibilak eztanda egin eta Francoren aldeko tropek Goierri hartu zutenetik. Udal ordezkarien hitzetan, gertaera hark «sakon aldatu zuen» Legazpiren errealitatea. «Honezkero gure artean gutxi izango dira urte haiek zuzenean bizi izan zituztenak, baina seguru gaude ez dutela gure herriaren etorkizuna su eta gar markatu zuen esperientzia ikaragarri hura ahaztu». Datuekin indartu zuten adierazpen hau: 59 izan ziren hildako legazpiarrak; 300 herritarrek egin zuten herritik alde; 250 espetxeratuak, lan batailoietara zigortuak edo erbesteratuak izan ziren… «eta kontuan izan gerra hasi zenean Legazpik ez zituela 2.500 biztanle baino gehiago».
Gertaera hauek gogoratzearen garrantzia ere azpimarratu zuten atzko agerraldian. «Faxisten erasoaren eta garaipenaren ondoren, errepresio sistema frankistak isilarazi egin zuen gertatu zen guztia eta drama hura ezkutatuta geratzea bermatu zuen. Urte askoan, gerra galdu zutenek, galtzeaz gain ezin izan zuten euren hildako seme-alabak, anai-arrebak, gurasoak, senitartekoak eta lagunak deitoratu eta omendu». 75 urte bete diren honetan, udalak gertatu zenaren memoria berreskuratzeko lanak hasi ditu, eta «gerraren astakeria jasan zuten Legazpiko gizon eta emakumeei omenaldi beroa eskaini nahi die». Hala, memoria historikoa berreskuratzeko lana hilabete honetako ekintzetara mugatu ordez, «datozen urteetan seriotasunez zabaldu beharreko lan-ildoa dela» ere adierazi zuten.
Hala, udalak «legezkotasun demokratikoa adorez defendatu zuten Legazpiko seme eta alaben izen ona eta ohorea aldarrikatu nahi» ditu. «Harrotasunez eta esker onez gogoratzen dugu, iritzi abertzale sakonek eta mundu justuaren aldeko ideiek bultzatuta, faxismoa geldiarazteko ausardiaz borrokatu zuen belaunaldi adoretsua, eskuzabala eta ameslaria». Honekin batera, euren «maitasuna» azaldu zieten «urte luze hauetan euren oinazea isilean eraman behar izan duten biktima legazpiarrei eta haien senideei».
Ekintzak
• Martxoak 15. ‘Legazpi 1936’ liburuaren aurkezpena, kultur etxean 19:00etan.
• Martxoak 18. Ez-ohiko udalbatzarra, omenaldia eta plaka jartzea. 12:00etan udaletxean.
-19:00etan ‘Gerra Zibila Euskal Herrian’ hitzaldia kultur etxean.
• Martxoak 20. Ibilaldia Ormakioko frontera. 9:00etan Brinkolako geltokian.













