Kutsaduraren inguruko azterketa egin du Urretxuko eta Zumarragako EAJk
Aurreko urteko kutsadura datuak aztertu ditu Urretxuko eta Zumarragako EAJk. Atzo azterketa horren emaitzak eman zituzten, hasi baino lehen “lehenengo urrats bat baino ez dugu eman, lan asko dago egiteko” adierazi zuten. Iñigo Peñagarikano, Zumarragako alkatetzarako EAJko hautagaiak eta Itziar Agirre Urretxuko hautagaiak hartu zuten hitza. Hasteko “arazo bat dugula onartu behar dugu” adierazi zuen Peñagarikanok.
Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailak egunez-egun ematen dituen datuak hartu dituzte eta 2010eko 365 egunetako neurketak jaso ere. “Egunero 24 datu hartzen dituzte orduro eta parametro ezberdinen arabera egiten dira neurketak” azaldu zuen Peñagarikanok. Parametro horietatik abiatuz eta neurketen emaitzak hartuz, “Zumarragan eta Urretxun dugun arazoa PM10-a da“.
PM10 hori partikula solidoz osatuta dago, tamainaz txiki-txikiak izanda ere, “osasunerako kaltegarriak izan daitezke arnastu egiten ditugulako”. Peñagarikanok adierazitakoaren arabera, “egunez-egun aztertu ditugun datuetan patroiak ez dira gehiegi aldatzen, agian astearte eta asteazkenetan gorago egiten dutela esan daiteke. Arcelor-Mittalek kutsadura eragiten duela esan ohi da, baina datuei erreparatuta erantzunkizuna izango duen arren, arazoa beste nonbaiten dagoela ondorioztatu dugu”.
Aztertu dituzten faktoreen artean haizearen norabideak kutsadura daturik kezkagarrienak sortzen ditu. Izan ere, hegoaldeko eta hegomendebaldeko haizeak jotzen duenean kutsadurak gora egiten du.
“Azterketa honetan guk aldez aurretik pentsatzen genuenaren kontra dauden emaitzak lortu ditugu eta horrek azterketarekin aurrera egin behar dugula erakutsi digu. Zirkulazioak eta Arcelorrek erantzunkizuna izan dezakete, baina arazoa haratago doala ikusi dugu” azaldu zuen Peñagarikanok.
EAJren proposamenak:
- Neurgailu gehiago jartzea. “Izazpi auzokoa inguruan dituen eraikinengatik babestua dago, orain gehiago aurrean duen jolas-tokiari jarri dioten estalkiarekin”.
- Neurgailuak zein tokietan jartzen diren ondo aztertu behar da.
- PM10 partikulen analisi kimikoa egin behar da “benetan jakiteko zerez osatuta dauden partikula hauek”.
- Lan talde bat osatu behar da: Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko Udalak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Unibertsitateak eta Osakidetzak osatuta.
- Kutsaduraren datuak jaisten arrakasta izan duten beste toki batzuei begiratu behar zaie. Adibide bezala Azpeitia jarri zuten jeltzaleek.
- Enpresak ere elkarlanean sartu behar dira.
- Gune batzuen garbiketa areagotu hauts arroketa ekiditeko.
- Barruko garraio publikoa hobetu.
- Bidegorriak eta bizikletarako errailak sustatu.
- Gardentasunez tratatu behar da gaia.