Haserako zikloa bukatuta, ‘hiri hezitzailea’ proiektua sendotu egin nahi dute
Herritarren arteko harremanak estutu eta elkarlanean ekimen hezitzaileak sortzeko helburuarekin abiarazi zuten, duela hiru urte, Ordizia, hiri hezitzailea proiektua. Behin epe hori pasata, hasierako zikloa itxitzat eman dute ekimenaren bultzatzaileek, eta etorkizunean, berau garatzea «herritarren esku» geldituko dela azaldu dute. Orain arte egindakoaren bidetik, aurten beste 31 ekintza jasotzen dituen zerrenda osatu dute, denak, partehartzea eta herritarren arteko elkarlana oinarri hartuta. Hiru urteotako lanaren balantzea egin dute gaur ekimenaren bultzatzaileek. Proiektua, Belen Maiza zinegotziaren eta EHUko hainbat adituren artean mamitu zuten 2008an. Aurrena, herriko behar eta arazoen diagnosia egin zuten; horretarako, 200 herritarren artean inkesta bat eginda. 2009. urtean, «oinarrizko ideia nagusiak» zehaztu zituzten eta 2010etik aurrera hasi ziren proiektuak martxan jartzen. Hasierako ziklo honen itxieran, gustora agertu da Felix Etxeberria EHUko irakaslea. «Eragile ezberdinek, pausoz pauso, ikuspuntu amankomun bat lortu dute, eta harreman interesgarriak sortu dira». Besteak beste, jubilatuen eta gazteen arteko «harremana eta elkarlana lantzeko sortu den dinamika» aipatu du Etxeberriak. Belen Maiza zinegotziak ere, herriko elkarteetako kideek eta norbanakoek hiru urteotan «elkarrekin egindako lana» azpimarratu du, eta «hiri hezitzaileko taldeak, etorkizunerako funtzionamendua eta oinarriak» jarri dituela. Joxe Garmendia irakasleak berriz, «proiektu hau herriarena» dela gogorarazi du, eta esker ona agertu die orain arteko ekintzetan parte hartu duten [...]
Herritarren arteko harremanak estutu eta elkarlanean ekimen hezitzaileak sortzeko helburuarekin abiarazi zuten, duela hiru urte, Ordizia, hiri hezitzailea proiektua. Behin epe hori pasata, hasierako zikloa itxitzat eman dute ekimenaren bultzatzaileek, eta etorkizunean, berau garatzea «herritarren esku» geldituko dela azaldu dute. Orain arte egindakoaren bidetik, aurten beste 31 ekintza jasotzen dituen zerrenda osatu dute, denak, partehartzea eta herritarren arteko elkarlana oinarri hartuta.
Hiru urteotako lanaren balantzea egin dute gaur ekimenaren bultzatzaileek. Proiektua, Belen Maiza zinegotziaren eta EHUko hainbat adituren artean mamitu zuten 2008an. Aurrena, herriko behar eta arazoen diagnosia egin zuten; horretarako, 200 herritarren artean inkesta bat eginda. 2009. urtean, «oinarrizko ideia nagusiak» zehaztu zituzten eta 2010etik aurrera hasi ziren proiektuak martxan jartzen.
Hasierako ziklo honen itxieran, gustora agertu da Felix Etxeberria EHUko irakaslea. «Eragile ezberdinek, pausoz pauso, ikuspuntu amankomun bat lortu dute, eta harreman interesgarriak sortu dira». Besteak beste, jubilatuen eta gazteen arteko «harremana eta elkarlana lantzeko sortu den dinamika» aipatu du Etxeberriak. Belen Maiza zinegotziak ere, herriko elkarteetako kideek eta norbanakoek hiru urteotan «elkarrekin egindako lana» azpimarratu du, eta «hiri hezitzaileko taldeak, etorkizunerako funtzionamendua eta oinarriak» jarri dituela. Joxe Garmendia irakasleak berriz, «proiektu hau herriarena» dela gogorarazi du, eta esker ona agertu die orain arteko ekintzetan parte hartu duten herritar guztiei.
Behin proiektua garatu eta martxan jarri ondoren, hiru urte horiek pasata, hasierako zikloa itxitzat eman dute. Hala, EHUko kideek «herritarren esku» utziko dute orain egitasmoa. Hala ere, garbi utzi nahi izan dute antolatutako ekintzak garatzen eta berriak antolatzen jarraituko dutela. «Datozen urteetan ere bide beretik» jarraitu behar dela azaldu du Etxeberriak. Belen Maizaren ustez, hurrengo erronka «proiektua sendotzea» da, eta horretarako ezinbestekoa izango da herritarren partehartzea eta inplikazioa. Hala, hemendik aurrera, Belen Maizarekin batera, Iñaki Hidalgo ariko da ekimenaren dinamizatzaile lanetan.
Ekintza sorta antolatu dute
Ordizia, hiri hezitzailea ekimenaren barruan, 31 ekintza antolatu dituzte 2011rako. Batzuk egin dituzte dagoeneko, eta besteak prestatzen ari dira. Denak, liburuxka batean bildu dituzte, proiektu bakoitzaren helburuak eta metodologia zehaztuz. Felix Etxeberriaren hitzetan «proiektu errealak dira guztiak, hau ez da fikzioa». Hala, ekimen bakoitzaren azalpenarekin batera, «memoria edo ebaluazio orri bat» jarri dute, ekintza bukatutakoan, norberak bere balorazioa egiteko.
Gaur, esaterako, jubilatu elkartekoak eta Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetako haurrak elkartu ziren adinekoen egoitzan, taldeka eta elkarrekin kantuan aritzeko. Datozen hilabeteetan, eskulan tailerrak, udaberriko festa eta natura ezagutzeko irteera egingo dituzte, besteak beste.














