2011 urterako aurrekontuak onartu dituzte Urretxun, jaitsiera «handiarekin»
Udalbatzar luzea egin zuten herenegun Urretxun. 2011 urterako aurrekontu orokorrak onartu zituzten. Ez hori bakarrik, beste 13 puntu eta bi mozio ere landu zituzten politikariek.
8.562.000 euroko aurrekontua onartu dute 2011 urterako Urretxun. Iñaki Zabala alkateak «jaitsiera handia» eman dela azaldu zuen. Era berean, Udalak gastu korrontea gutxitzeko erronkari heldu diola ere jakinarazi zuen. Gobernu taldeko kideen, EB-Aralarren eta atxikitu gabeko Onintza Mendia zinegotziaren aldeko bozkekin gin zuten aurrera aurrekontuek. EAJk kontra egin zien. Itziar Agirrek eurek egindako proposamenei erreferentzia egin zien, errealitatea «hobe irudikatzen zutela» esanez. Era berean, Sarralde eraitsi beharrean Sprilurrera bideratzea ere proposatu zuen, industria arloan aktibitate ekonomikoa sustatu dezan. PSE-EE aldiz, abstenitu egin zen, «objekzioak» izan arren, «trabarik ez zutela jarriko» esanez.
Iazko kontuetatik erabili ez duten dirua aurtengo kontuetan txertatzea ere adostu zuen udalbatzak eta diru kontuak ez ziren hor amaitu. Urretxuko Udalbatzak 8/2010 Legegintza Errege Dekretua aplikatzea onartu baitzuen. Honen arabera, udal langileen soldatak murriztu egingo dituzte, %2,72an. Hala ere, gastu korronteetan aurreikusi duten aurrezpena kopuru horretara iristean soldatak egungo baliora igoko dituzte berriro.
Familia Ugarientzako hobariaren ordenantzan ere aldaketak egin zituzten, etxebizitzen balio katastrala 190.000 eurora eguneratuz. Udal langileen zerrendari ere onespena eman zioten, besteak beste, artxibozainaren lanaldia %100era igoz.
Gaueko bederatzigarren puntuan Santa Barbara jatetxeko kontratuaren aldaketa onartu zuten. Esleipena zuenak, Santa Barbara 9000 S.L. enpresak, ordainketa egiteko jarraitu beharreko prozedura aldatu zuten, batik bat. 430.000 euroen zati bat ekipamentuan ordaindu du, beste bat dirutan eta falta dena kontratuak iraungo duen 25 urteetan ordainduko du, urteko 12.000 euro inguru. Ordezkari batzuek jatetxea eskuratzeko aukera jende gehiagori zabaldu beharko litzaiokela esan zuten. Beste batzuk aldiz, egungo kudeatzaileei konfiantza puntu bat ematearen alde agertu ziren.
Proiektu berriak
2011 urterako diru-laguntzen oinarriak ere onartu zituen udalbatzak. Iazkoen oinarri berberak dira, funtsean. Pagoetako bide lanen 4. egiaztagiriaren transferentzia ere onartu zuten herenegun. Azken zenbatekoa 44.000 eurokoa da, eta honekin, osotara 876.477 euroko kostua izan dute lan hauek. Urretxu 2020 S.L. enpresaren ekimenari lotuta, gauzatu nahi dituzten hiru proiektu prestatzea onartu zuten, «behar denerako prest egon daitezen»: Pagoeta Hotelean Lizeoa egokitzeko lanen proiektua, Pagoeta eta Lilibaso lotuko dituen obrarena eta Lilibason 26 etxebizitza eraikitzeari dagokiona.
Azkenik, bi mozio aurkeztu zituzten. Lehenak, EAJk aurkeztutakoak, Eusko Jaurlaritzako gizarte ekintzako sailburuak, gizarte laguntza batzuk moldatzeko hartutako erabakia atzera botatzeko eskatzen zuen. Bigarrena, EB-Aralarrek aurkeztu zuen eta bihar ospatuko den Errepublikaren urtemugaren inguruan hitz egiten zuen, bozketarako ezer proposatzen ez bazuen ere.