Legorretan atxilotu duten Igor Esnaola etxetik ateratzen, gaur 09:30ean.
Guardia Zibilak bi lagun atxilotu ditu gaur goizaldean Legorretan, ETAko kide izatea egotzita. Aitor eta Igor Esnaola Dorronsoro anaiak dira atxilotutakoak. ETAren logistika arloko kide izatea leporatu diete, “lehergailuak, armak eta beste hainbat material gorde eta banatzea”. Erreka komandoarekin lotu dituzte, eta ETAko kide 2002tik zirela esan du Espainiako Gobernuak. Polizia iturrien arabera ETAko kide “
legal” lirateke, Poliziak fitxatu gabeak. 1 Errepide Nazionala kaleko 22. zenbakiko etxebizitzan atxilotu dute Igor Esnaola, eta Berostegi auzoko Aldaola baserrian Aitor Esnaola.
Bi etxebizitza eta garaje bat miatu dituzte guardia zibilek. Garajetik auto bat eta furgoneta zuri bat eraman dituzte garabietan. Hiru bat poltsa ere atera dituzte etxebizitzatik. Guardia Zibilaren presentzia handia izan da Legorretan gau osoan. Miaketak egiten jarraitzen dute Olalde baserrian. Albiste agentziek, polizia iturriak aipatuz, zabaldu dute detonagailuak, leherkaria, dokumentazioa eta material informatikoa aurktiu dutela arratsaldean.
Atxiloketa operazioa goizaldeko 03:00etan hasi da, eta zazpi-bat orduz luzatu da Legorretako kaleko etxebizitzan. Igor Esnaola 09:35ean eraman dute polizia-auto batean, Donostia alderantz. Aitor Esnaola, berriz, lehenago atera dute, antza denez Olalde baserriko miaketara eramateko. Herritik kilometro batzuetara dago baserri hori, Itsasondo aldera. Atxiloketaren unean 1 Errepide Nazionala kaleko etxebizitzan zegoen adineko emakume batek ondoeza izan du, atxilotuen amak, eta erietxera eraman behar izan dute anbulantzian.
AAMk ohartarazi du torturatuak izan daitezkeela
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) ohartarazi du atxilotuak torturatuak izan daitezkeela. Halaber, salatu du Espainiako eta Frantziako estatuek “errepresioaren aldeko apustu itsuan” jarraitzen dutela. “Legez kanporatzeak, atxiloketak eta torturaren erabilerak segitzen dute haiek lanabes politikoak izaten”.
“Unerik zailenetan ere Gernikako Akordioak jasotzen dituen printzipioak aldarrikatu nahi ditugu”, esan du AAMk prentsa ohar batean.
LABek “errepresioan oinarritutako zurrunbilo eroa” bukatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die Aitor eta Igor Esnaolari, sindikatuaren afiliatu diren heinean. Inkomunikazio aldian jaso dezaketen tratuagatik kezka agertu du LABek ere, eta lehenbailehen aske uzteko eskatu du.
Bestetik, gaurko atxiloketak “errepresio operazio” izan direla eta horrekin “euskal independentisten lana zigortu eta gure herriak bere etorkizuna erabaki dezan bideak irekitzeko abian jarri den prozesu demokratikoa saboteatzea helburu” dutela adierazi du. Espainiako Gobernuak “jarrera inmobilista” mantendu eta “bide errepresiboen aldeko apustuari” eusten diola gaineratu du LABek.
Espainiako Gobernuari “errepresioan oinarritutako zurrunbilo eroari” amaiera emateko exijitu dio, eta euskal gizarteari “indarberritu” eta mobilizazioei ekiteko deia egin die, “eskubide zibilen defentsan, besteak beste parte-hartze politikorako nahiz bizitze eta elkartze eskubideen alde”.
Gobernuak ez daude su-etenean, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, “terrorista guztiak” atxilotu arte “lanean” jarraituko duela adierazi du, Idoia Mendia bozeramailearen bitartez. “Ez Eusko Jaurlaritza, ez Espainiako Gobernua, ezta Frantziako Gobernua ere ez daude su-etenean. ETAk irauten du, eta terrorista guztiak atxilotzeko lanean jarraitu behar dugu”, esan du Mendiak.
Elkarretaratzeak egunero Legorretan
Aitor eta Igor Esnaola atxilotuak Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta dauden bitartean, egunero elkarretaratzea egiteko deia zabaldu du AAMk. Legorretako plazan 19:30ean bilkura eta asanblada izango dira, gaur iluntzean lehenbizikoa.