Ezker Batua-Berdeak alderdiko hautagaiak, atzo.
Ezker Batua-Berdeak alderdiak Goierri beheko eta Gipuzkoako hautagaiak aurkeztu zituen atzo, Ordiziako Barrena jauregian egin zuten ekitaldian. Maria Jose Vazquez eta Julene Hidalgo izango dira, hurrenez hurren, Ordizia eta Beasaingo zerrendaburuak. Haiekin batera, Arantza Gonzalez, Ahaldun Nagusi izateko hautagaia eta Mikel Arana, EBko koordinatzaile orokorra izan ziren ekitaldian. Aranak, EBko hautagaiek “ezkerreko balioen eta gizarte eskubideen defentsan” egindako iblbidea nabarmendu zuen eta beraien alderdia, “Beasain, Ordizia eta Gipuzkoa osoan, ezkerretik eraikitzeko independentista ez den aukera” dela azaldu zuen.
Maria Jose Vazquez Ordiziako zerrendaburuak, EBren helburua “etxebizitza lortzeko eskubidea bermatzea” izango dela azaldu zuen. Horretarako, “errenta txikiko etxebizitzen sustapena” defendatuko du, batez ere, gazteei begira. Gizarte arloan ere indarra egin nahi dute; “adineko egoitzetan eta eguneko zentroetan plazak bermatzeko eta adinekoentzat tutoretzapeko etxebizitzak egokitzeko, etxebizitza berean zaintzailearekin bizi daitezen” lan egingo dutela azaldu zuen. Azkenik, herritarren partaidetza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta garraio publikoa ere defendatzeko konpromisoa hartu zuen Vazquezek.
Beasaingo zerrendaburua berriz, Julene Hidalgo izango da. Azken legegintzaldian Gazteria eta Kirol arloko zinegotzia izan da Beasainen. Atzo azaldu zuenez, “krisi gogor honek, udeletxeak ere eredu izatera behartzen gaitu, eta beraz, kargudun hautatuen soldatak bere araberakoak” izan behar direla defendatu zuen. Gizarte zerbitzuek ere, “Ezker Batuarentzat lehentasuna” izango dutela dio, eta “beasaindar guztiei behar dituzten gizarte zerbitzuak bermatzeko” lan egingo dutela. Hirigintza arloan, “geltokitik anbulatoriora gaineko pasabidea ezartzea” edota “Bernedeko parkinga handitzea” proposatzen dituzte. Herriko umeen eta gazteen alorrean, berdintasunean eta partaidetzan ere lan egiteko asmoa agertu zuen Hidalgok.