Etxegaraten bidesaria jartzearen kontra karabana egin dute HIRUko garriolariek

Etxegaraten bilkura egin dute ondoren, berriz ere peajerik ez zioten ikurrez osatutako pankarta handi baten atzean. Garraiolariak bilduta zeuden bitartean, Estitxu Ugarte HIRU sindikatuko bozeramaileak, “Gipuzkoako Diputazioak garraiolarien kontra egiten duen peajeen politika bertan behera uzteko” eskatu du. Bidesarien politikak duen helburu bakarra “garraiolarien lepora dirua irabaztea” dela salatu du Ugartek: “Krisi larrian gaude eta egoera honetan lanpostuei ezin diegu eutsi. Peajea beste kostu bat da, eta akaberan dagoen sektore bati beste kostu bat inposatzea guztiz bidegabea iruditzen zaigu”. Kostu horiek guztiak “langileei eta garraiolariei bakarrik leporatzea injustua” dela gaineratu du garraiolarien bozeramaileak.
“Konponbidea ez da bidesaria”
N-1 errepideko trafiko ugariari aurre egiteko bidesaria jartzea ez dela irtenbiderik onena jakinarazi dute HIRUkoek. Garraiolariek errepide Nazionala erabiltzen jarraitu beste aukerarik ez dutela ere gaineratu dute, “errepide honetan daudelako guk behar ditugun zerbitzu guztiak: gasolindegiak, tailerrak, deskantsu eremuak… eta, batez ere, bide honetan daudelako garraiolari askoren lanerako guneak eta kamioiak betetzeko eta husteko enpresak”. Horregatik, garraiolariak egunak joan egunak etorri lanean aritzen direla diote, “ez turismoa egiten. Beraz, konponbidea ez da bidesaria jartzea izango”.
Etxegarateko bidesariaz gain, Deskargan jartzea aurreikusita dagoenari buruz ere hitz egin du Ugartek, HIRUk “orokorrean” salatzen duelako Gipuzkoako Diputazioaren politika: “Etxegaraten egin dugu gaur protesta, lehenengoa Etxegarate izango delako. Baina Deskargan ere badute bidesaria jartzeko asmoa, eta handik ere garraiolari ugari pasatzen denez, han ere izango du eragina”.
Gipuzkoako errepideetan bidesaria jarri edo ez erabakitzerakoan, garraiolariekin “hitzik ere ez” dutela egin salatu du Ugartek: “Ez dute gure iritzia eskatu eta ez dute inolako hartu-emanik izan. Gure iritzirik ez dute jakin nahi”.