Arkaitz Arakistain zarauztarrak irabazi du Ordiziako III. Raida, 'Acrobat Oasis' zaldiarekin
Gaur jokatu da Ordiziako III. Raida, Oianguren parkean hasi eta bukatu. 42 kilometro luzeko zirkuitua osatu dute parte hartu duten 24 taldek. Guztien artean lehenbizikoa –postuz eta zaldiaren osasun egoeraz– Arkaitz Arakistain zarauztarra izan da. Acrobat Oasis zaldiarekin jokoan ziren bi sariak eraman ditu: lehen postuarena eta ‘best condition‘ edo baldintza onenetan dagoen zaldiari ematen diotena.
Bigarren Xabier Goñi tolosarrak egin du, Canela zaldiarekin. Hirugarren Andoni Quintana karrantzarra geratu da, Isazki aberearekin.
“Oso-oso ondo” joan da Ordiziako III. Raidaren garapena, Alarpe zalditegi antolatzaileko Martin Garmendiak aipatu duenez. Bart lehertu duen ekaitzak ibilbidearen zailtasuna handitu egin du, lur bideak eta lokaztuago geratu direlako zaldien pasaeran. Bi itzuli egin behar izan dituzte taldeek, Oiangurendik Lazkaomendira, eta Abalin baserrietatik aurrera Olako Saroiraino, atzera bide beretik itzultzeko. Bigarren itzulirako “pisuagoa” egin da lasterketa. Inolako eragozpenik gabe bukatu ahal izan da, hala ere.
Oianguren parkean jarri dute kanpalekua taldeek. Oianguren parkea “biziago egoteko tantoa” jarri dute raidarekin, Garmendiaren hitzetan. “Kantabriatik, Bizkaitik –Berriz, Zornotza… aldetik– jende asko etorri da, eta inguruarekin txundituta geratu dira”.