Bildu: "Goierriko hautagaiok herriaren borondatea kudeatu nahi dugu"
“Aldaketa politiko eta soziala iristear” dela, eta “gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko indarra egingo” duela adierazi zuen atzo iluntzean Bildu koalizioak Ordiziako Plaza Nagusian egin zuen ekitaldian. Goierri mailako ekitaldi politikoa izan zen, eta herrietako hautagai asko jendartean zela, Igor Eguren Ordiziako alkategaiak, Iban Asenjo Batzar Nagusietarako Oria barrutiko zerrendakideak (2. doa) eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak hartu zuten hitza.
Dantzarien, txalapartarien eta bertsolarien saioaren ondoren, Egurenek adierazi zuen “ohore handia” dela “momentu historiko” honetan Bilduren ordezkari izatea. “Gure egitekoa gatazka politikoa konpontzea da, eta horregatik, Euskal Herriko hainbat eragilek erabaki dugu batzen gaituenarekin aurrera egitea”. Egurenen ustez, Bildu “etorkizuna eraikitzeko gotorleku bat” da, eta horren bidez “Euskal Herri hobeago bat” sor daiteke.
Bilduren inguruan zabaltzen diren hainbat mezuren inguruan, Egurenek esan zuen koalizioak bere bidea egingo duela. “Biktima papera egiten ari garela esan digute, boto-paperak garaiz lortzeko arazoak izan ditugunean. Programarik ez dugula esan digute, herrietan ehunka eta ehunka lagun programak osatzen ari direnenan”.
Goierrin langabezia bikoiztu egin dela, eta horri aurre egiteko “ogasunetik eskuratutako dirua lanpostuak sortzera bideratuko” dutela adierazi zuen, eta etxebizitza sozialen aldeko politikak martxan jarriko dituztela. “Bilduren Goierriko zerrendetan goazenok ez gara politikari profesionalak, guk herriaren borondatea kudeatu nahi dugu. Utz diezagutela hori egiten”.
“Aldaketa ekarriko dugu”
Iban Asenjorentzat ezin da ezkutatu Euskal Herrian gauzak aldatzen ari direla. “Aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala iristear dago. Igandean aldaketa ekarriko dugu, eta aldaketa ekarriko dugu nekatuta, aspertuta gaudelako”. EAJren hitzak urte askoan entzun dituela, baina agindutakoa ez dutela betetzen egotzi zien. “Estatutu Politiko berria agindu ziguten, herri kontsulta, baina gero Madrilera joan ziren korrika Zapateroren paktatzera”.
Bere burua “erdiko ubidean” kokatzen duela esaten ari da kanpainan EAJ, baina Asenjoren ustez, hori ez da egia. “EAJk hautu bat egin du, eta PP-PSOEren aldean kokatzea aukeratu du”. Hiru alderdi horiek “triangelu perfektua” osatzen dutela iritzi dio Asenjok, “eredu ekonomiko eta sozial berbera defendatzen dutelako”. Asenjok nabarmendu zuen hiruko hori Ordiziara ere zabal daitekeela, EAJ beste bi alderdiekin hitzartzeko gai delako. “Horregatik, gehiengo osoa lortu behar du Bilduk Ordizian”.
Asenjo ziur dago igandean “boto uholdea” eramango duela Bilduk hautestontzietara, “aldaketaren, bakearen, normalizazio politikoaren, benetako demokraziaren eta justizia sozialaren” aldeko botoa delako.
“Arduraz jokatuko dugu”
Martin Garitanok Euskal Herrian sortu den ilusioari erreferentzia eginez hasi zuen hizketaldia, eta Bilduren hautagaiek Espainiako agintariei “ikasgai ederra” eman dietela gehitu zuen. “Bildu indarrak biltzeko tresna bat da. Abertzaleak, ezkertiarrak, aurrerakoiak, euskaltzaleak, feministak, ekologistak… bildu gara, jakin badakigulako elkarrekin indartsuagoak garela”.
Hauteskundeetako behin-behineko sailkapenean “oso aurrean” doazela esan zuen ahaldun nagusigaiak, eta hori “ilusioz betetako milaka euskal herritarren aurpegiei esker” dela. “Errealitate politiko eta sozial berri hau da urtetan Euskal Herrian eta Gipuzkoan aritu diren politikari eta politika gris eta ilunak ordezkatzera datorrena”. Aro politiko berriaren aurrean, Bildu “erabakigarria” izango dela uste du. “Momentu historikoak bizi ditu Euskal Herriak, arduraz jokatzea eskatzen duten momentuak. Guk arduraz jokatuko dugu”.
Baina lan esparru bakarra ez da hori izango. Garitanoren esanetan, Bilduk “haize berria” eramango du instituzioetara. “Instituzioak aldatu nahi ditugu, instituzioak herritarren zerbitzura jarriz”. Kanpaina azken txanpan dagoela eta, herrietan lanean ari den jendeari “ez despistatzeko” deia egin zien. “Orain arteko bildutako guztia galduko dugu erlaxatzen bagara”.














