Ordizian gehiengo osoa izango du Bilduk, 7 zinegotzirekin
Bildu koalizioak irabazi ditu hauteskundeak Ordizian; 1949 boto eta 7 zinegotzi lortu ditu; gehiengo osoa izango du, beraz. Duela lau urte baino partehartze handiagoa izan da Ordizian; herritarren %74,7k eman du botoa. Bilduren atzetik gelditu da EAJ, ...
Bildu koalizioak irabazi ditu hauteskundeak Ordizian; 1949 boto eta 7 zinegotzi lortu ditu; gehiengo osoa izango du, beraz. Duela lau urte baino partehartze handiagoa izan da Ordizian; herritarren %74,7k eman du botoa. Bilduren atzetik gelditu da EAJ, 1.419 botorekin (4 zinegotzi); PSE-EEk berriz, 546 boto jaso ditu (zinegotzi bat).
Goierri mailako datuen tendetzia jarraituz, hiru bloke nagusi izango ditu udalbatzak, Bildu, EAJ eta PSE-EE. Ikusgai zegoen alderdi txikiek zer nolako ordezkaritza lortuko zuten, eta hor ere, datu orokorren tendentzia bera mantendu da. PP, Aralar, EB-Berdeak eta Hamaikabat ordezkaririk gabe gelditu dira.
Bildu koalizioak lortutako emaitzak ospatzeko, jaialdia egin zuten atzo Ordiziako plazan. Iluntzeko zortzietatik aurrera, bertan elkartu ziren Bilduko kideak eta jarraitzaileak. Emaitzak jakin orduko, «poz izugarria» azaldu zuen Igor Eguren, Bilduren alkategaiak. «Dena oso ondo» atera dela esan zuen, «ez Ordizian bakarrik, Euskal Herri mailan ditugun datuak ere izugarriak dira».
Beraiek lortutako datuekin gustora gelditu badira ere, «tristura ematen digu Ordizian aurkeztu diren 7 alderdietatik hiruk bakarrik lortzea ordezkaritza». Hala ere, ordezkaritzarik lortu ez duten alderdiekin lan egiteko prest agertu da Bildu. «Gure eskua zabalik dago eta beraien partehartzea bultzatuko dugu, erakusteko hori dela gure politika egiteko modu berria».