Xabier Sarasola, mende laurdena Loinatz abesbatza zuzentzen
Beasaingo Loinatz abesbatza 25. urteurrena ospatzen ari da. Xabier Sarasola beasaindarrak ia bizitza erdia darama abesbatza zuzentzen. 51 urte ditu eta 26 urte zituenetik dabil lan horretan. Azkenaldian lan gehitxo elkartu zaionez, abesbatzaren zuzendaritzan urtebeteko atsedentxo bat hartzeko asmoa du datorren urtetik aurrera.
1939an Pedro Jose Iguainek sortu zuen Loinatz abesbatza eta hamarkada bat ixilik egon ondoren, 1986an, Xabier Sarasolaren gidaritzapean hasi zen. Bizitza erdia Loinatz abesbatza zuzentzen daramatza Xabier Sarasola beasaindarrak. 26 urte zituela, Coral Loinazeko lehendakariak, Juantxo Alkaiagak, proposatu zion abesbatza zuzentzea. “Nik ez neukan ideiarik ere. 26 urterekin, dagoeneko musika eskolan nenbilen umeekin lanean. Gabon korua ateratzen zen Patxi Lasarekin. Gabonetako korua indartsua zen Beasainen. 70 lagun aterako ginen kantari. San Inazio kalean zegoen Gaztedi lokalean entsaitzen genuen. Bi-hiru hilabetean aritzen ginen entsaiotan. Lau ahotsetara kantatzen genuen. Han azaldu genuen asmoa eta bertatik atera zen Loinatz abesbatza”, dio Xabier Sarasolak. “Gaztea nintzela esaten zuten gehienek. Ordura arte, abesbatzatako jendea, jende helduarekin lotzen zen itxuraz. Baina susperraldia izan zen Gipuzkoan batik bat. Abesbatza asko sortu zen bolada hartan. Ni ez nintzen gazteenetakoa. Ni baino gazteagoak ziren”, gaineratu du beasaindarrak.
Harrezkeroztik 25 urte pasatu dira eta mende laurdena ari dira ospatzen Loinatz abesbatzakoak. Astean behin, ostiraletan, elkartzen dira taldekideak. Zuzendariarekin batera, dozena bat lagun badira hasiera-hasieratik kantuan dabiltzanak. “Mutiletan oso mugimendu gutxi dago. Oso gutxik uzten dute, zorionez. Nesketan mugimendu gehiago egoten da”.
Dena den, belaunaldi ezberdinak sartzen joan dira etengabe. “40 pertsonen bueltan mantendu izan dut beti taldea, baina kostata”. Musika Eskolatik ateratzen direnekin mantendu du. “Musika Eskolan bi koru daude: 12-15 urte bitartekoena eta bestea 11-12 urtekoena. Taldetxo bat ikusten badut, tentatu egiten ditut. Unibertsitatera joaten badira helduen koruan sartu gabe, akabo! 6-8 laguneko talde txikiak sartzen badituzu, beraien artean giroa sortzen dute eta posible izaten da aurrera egitea. Bakarka sartzea zaila izaten da. Moztu egiten dira”.
Abuztuan Parisa
Taldean jarraitzeko motibazioa lortzen jakin du Sarasolak. Irteerak, sariketak, kontzertuak… Esate baterako, abuztuaren bukaeran, 25. urteurrena ospatzeko, Parisa joango dira. Urteurren borobila denean horrelako irteerak egiten dituzte. 1997an esaterako, Londonen izan ziren eta Wensminsterren kantatu zuten. 2006an Erromara joan ziren eta Vaticanoko San Pedro elizan kantatu zuten. Aurten, Parisen, Notre Damen abestuko ote duten galdetu diogu. “Nahi bai! Handi samarra izango da guretzat. Aurkituko dugu zerbait, Euskal Etxean beharbada”.Beste bi irteera ere egiten dituzte urtean: San Asensiora, Lasalletarren aterpetxera, asteburu pasa, kontzertu garrantzitsuak prestatu behar dituztenean, eta “Elosegi ardozaleak ere gonbidatzen gaitu bodega batera. Taldea egiteko oso onak izaten dira horrelako”, dio Sarasolak.
Gazteak erakartzea kosta egiten dela dio. Askotan beste formato batzuk erakargarriago egiten zaie. Esate baterako, Euskal Telebistan Oh Happy Day programan koreografia bultzatzen zuten. Sarasolaren ustez, “bisualki bai, erakargarriagoa egiten zaie. Gizartea horrela dago. Zuek ere badakizue aldizkarian testua bakarrik ez dela joan behar; argazkiak ere behar direla. Zerbait bisuala egitea bultzatu egin izan dute. Beraiek esaten zuten, hau show bat da eta guk showa nahi dugu. Baina musika korala show bat da? Izan daiteke. Nik ikusten dut denentzako lekua dagoela. Baina zenbat ezagutzen dituzu horretan mugitu direnak? Nik ez dut ezagutzen. Hortik pasatu diren guztiek baliatu dute beraien formakuntzan zerbait eransten dielako, on egiten dietelako esparru berri bat probatzea. Koru errepertorioak aldatu egin behar izan dira eta horretarako ez daude prestatuak. Material hori prestatzen jendeak lana egin du eta ondo ordaindu zaie baina material hori non dago? Lehenengo urteko irabazleek, Errenterikoek, esan dute beraien bidea ez dela hori. Nola eta ez zaren musikaletara joaten… Baina hemen ez dago horrelakorik. Onartzen dut, haurrei asko gustatzen zaiela mugimendua eta hor ibili behar da tarteko zerbait egiten. Ez da erraza”.
Saltzen jakin ez
Ildo horri jarraituz, Sarasolak ondokoa dio: “abesbatzaren arazoetariko bat da, ez dakigula produktuak saltzen. Kultur klasiko hori ez dago modan eta bisualki egitea oso zaila da. Kantua mugimenduekin… Gure koru musika XIV. mendetik dator. XX. mendera arte, dena dago. Jazz musika egin nahi baduzu koru musikan, aspertu arte daukazu. Oso musika konplikatua da eta horri espektakulua gehitu behar zaio. Nik musikari bezala ez dut behar. Koruak kantatzen ikustearekin nahikoa dut. Jakina, serio-serio, aurpegian espresiorik gabe kantatzen ikusi beharrean, nahiago dut, aurpegian alaitasun pixka bat ikustea, zerbait adierazi nahi izatea. Niri korua eta dantza ez zaizkit gustatzen, baina jendeari bai”.
Teknologia berriak
Garaiak aldatu egin dira eta musikaren alorrean ere nabaritu dituzte ondorioak. “Ordenadoreak mesede handia egiten digute gauza mordo batetan, baina esfortzu horretan ez dakit. Botoi bati emanda gauza gehiegi gertatzen da. Musika ez da horrela. Edo guk erakusten dugun musika ez da horrela. Gu ere hasita gaude, ordenadorearekin gauza mordo bat egin baidaitezke. Hori ere ezin duzu albo batera utzi. Gaur egun entzuten den musika asko musikariak ez direnek egindakoak dira”.
Garai berrietara egokitzeko asmoarekin, Bizkaian, musika eskoletako irakasleak elkartu egin dira. “Aurreko bilerara Beasaingo musika eskolako hainbat irakasle joan ginen eta lan handia egiten ari direla ikusi dugu. Bizkaiko musika eskoletako irakasleak izugarrizko bultzada ematen ari dira. Material asko sortzen ari dira. Aurrerapenak nahita nahiez etorriko dira”.
Hori bai, iPad delakoari ikusten dizkio abantailak Sarasolak. “Atril batean orriak pasatzeak ez dauka zentzurik. Gaur egun iPad horietarakoarekin nahi adina partitura sartu ditzakegu. Milaka eta milaka. Botoi bati eman eta pasatu egingo litzateke”.
Ondo gogoan du partiturak nola moldatu izan dituzten hainbat eta hainbat urtean. “Partitxelak Joxe Sarriegik prestatzen zituen. Txukun-txukun. Isabel Olanok izenburua jartzen zieten letra politarekin”.
Entzule fidela
Modan egon ala ez egon, Beasainen behintzat ez dira kexatzeko moduan. “Harrituta gelditzen gara koruaren emanaldietara zenbat jende joaten den. Eserita 400 pertsona sartzen dira eta behin baino gehiagotan jendea zutik egoten da”.
Loinatz abesbatza bera ere sasoi onean dagoela dio Sarasolak. Beste zuzendari baten esku utzi nahi du taldea, atsedenalditxo bat hartu nahi duelako. “Utzi behar dut lan mordoa daukadalako. Gauza asko sortzen zaizkit. Hemendik kanpora ere asko, epaile bezala, konposizioak… Zerbait eskatzen dizuenean joan egin behar zara. Korukoek astean zehar ezin du entsaiatu, ostiraletan bakarrik. Nik irteera asko ostiraletan izaten ditut. Gainezka nabil eta ez da ona”.
25 urteko errepertorioren errepasoa lau kontzertutan
Urte hauetan guztietan errepertorio zabala osatu dute Loinatz abesbatzakoek. “Programa guztiak gordeta dauzkagu”, dio beasaindarrak. Garai ezberdinetako musika izan dute oinarri. Abesbatzaren zilarrezko ezteiak ospatzeko, lau kontzertutan, 25 urteko ibilbidea laburbilduko dute. “Denetik egin dugu, baina asko erlijiosoa izan da. Asko dagoelako. XVI. mendera arte ez dago erlijiosoa ez den musikarik. XX. mendera arte, gaur egun, musika erlijioso asko egiten da. XVI. mendetik XX. mendera dagoen musikatik dagoen guztitik egin dugu zerbait. Organoarekin asko egin izan dugu, obra handiak, ordubeteko formatoan daudenak”, azpimarratu du Sarasolak. Ildo horretatik, Aste Santuaren aurretik, hildako abesbatzako kideen omenez, Dafoe musikari fratziarraren requiem-a abestu zuten.
Bigarren kontzertua, maiatzaren 21ean egin zuten, gaurko eta lehengo kantariak elkartuz. “Urte askotan egin dugun formato programa bat egin genuen: folklorea, euskal musika, moldaketaren bat edo beste eginda, instrumenturen baten laguntzaz”.
Urrian izango dute hirugarren kontzertua. “Estreinaldia izango da. Karlos Jimenez pianojoleak duela 4-5 urte sei kanta egin zizkigun eta orduan ezin izan genuen dena egin. Orain egingo dugu. Bera etorriko da pianoa jotzera. Hondarribitarra den Javi Busto, mundu guztian dabilen konpositorearen beste estreinaldi batzuk ere sartuko ditugu. Heren bat nire obrakin, beste heren bat Karlos Jimenezen obrekin eta beste herena Bustorenarekin osatuko dugu”.
Laugarrena eta azkena berriz, Gabonetan izango dute. “Azken 10 urteotan, Donostiako orkestra barroko batekin egin dugu kontzertua. Bach, Vivaldi, Hendel… horrelako obra handiak egin ditugu eta haietatik beste estrakto batzuk kantatuko ditugu”, zehaztu du. “Errepaso potentea egingo dugu. Korua ondo dago, memoria ona dauka… Maila ona daukate”, gaineratu du.
Sariak
- 2007an: Lehen saria “VI Concurso Nacional de Masas Corales, Antonio José” (Burgos).
- 2003an: Bigarren saria “III Noveldako Hiria musika erlijiosoko abesbatza lehiaketan” (Alacant).
- 1999an: Lehen saria “XXX Certamen Coral Ejea de Los Caballeros” (Zaragoza).
- 1992an: Lehen saria “XXIII Certamen Coral Ejea de los Caballeros” (Zaragoza).
- 1990ean: Hirugarren saria “VII Certamen Coral Villa de Aviles” (Asturias).
Musikaria eta konposatzailea
Xabier Sarasola txistuari esker murgildu zen musikaren munduan. 12 urterekin hasi zen txistua ikasten Txanborekin. “Ondoren txistuko klaseak ematen jarri ninduen Txanbok La Sallen”, gogoratu du beasaindarrak. “Solfeoa Arantxa Gastesirekin egin nuen 19 urterekin. Soldaduskara joan eta bueltan hasi nintzen pianoarekin eta biolinarekin”. Urtebetean egin zituen solfeoko bost urteak. Gaur egun, biolin, armonia eta kantu korala irakasten ditu Beasaingo Udal Musika Eskolan. Gainera, eskola horretako hari-orkestrako zuzendaria da.
Koro-zuzendaritza ikasi zuen Gipuzkoako Koro Federazioak antolatutako ikastaroetan. Hainbat irakaslek emandako zuzendaritza-ikastaroetan parte hartu du (J. Busto, Eric Ericsson, A. Eby, C. Hogset, G. Graden eta abar). Donostiako Orfeoiaren kantaria izan da, eta, egun, KEA ahots-musika taldearen kide da. Talde horrek XX. eta XXI. mendeetako musika lantzen du.Euskal Herriko Koro Federazioak antolatzen dituen ikastaroen zuzendaritza-irakaslea izan da, baita Federazio horretako batzorde teknikoko kidea ere. Horretaz gain, Federación Asturiana de Coros-ek antolatzen dituen zuzendaritza ikastaroetan irakasle bezala parte hartu du zenbaitetan. 2004an Gorizzian (Italia) eta 2007an Arezzo (Italia) ospatu ziren Kantu Koralaren Europako Sari Nagusiaren epaimahaikide izan da. Gainera, 2007 ezkeroztik Tolosako Abesbatza Lehiaketako epaimahaikideen presidentea da.
“Kontsumoko zerbait bihurtu da musika”
Gaur egungo musika lantzen ote duten galdetu diogu Xabier Sarasolari eta ondorengo hausnarketa egin du. “Produktua bera ikaragarri aldatu da. Ez dakit onerako edo txarrerako den. Kontsumoko zerbait bihurtu da musika. Gaur egungo musika zein da? Gaurko kantariek ematen digutena… Gaurko kantariek ematen digutena kontsumo musika bezala, baina XV. mendean askoz ere gauza aurrerakoiagoak egiten ziren. Bisualki ere zer gertatzen zaigu? Produktuak asko aldatu dira, erabiltzen dituzten mekanismoak asko aldatu dira baina musika ez. Grafitiaren adibidea jartzen dut beti: graffitia bera, elementu berri bat da. Baina han ikusten duzuna zerbait berria da? Marrazkia bera, aspaldi gainditutako sistemak dira. Ez dago gauza berririk. Hausnarketa sakona da. XX. mendean estilo guzti-.guztitako musika egin da. Orain etortzen da bat ez dakit nolako martxarekin. Martxa? Ez dauka ideiarik ere. Joan zaitez XIX. mendera eta ikusi zein martxa dagoen. Bethovenen sinfonía bat osorik entzun, eta gero hitz egingo dugu martxaz. Konparatuko dugu. Gaur egun gitarrarekin ateratzen den soinua martxatzat hartzen da. Denentzako lekua dago, baina gaur egun ikasleei ulertaraztea konplikatua da. Badakigu obra batzuk publikoarentzako zailak izaten direla. Beti saiatzen naiz mikrofonoa hartu eta hitz batzuk esaten, obra kokatzen, jendea hezten, testuinguru hori jartzen”.