Aritz Egea: Zegama-Aizkorritik Paris-Roubaixera
Aritz Egeak mendi lasterketetan lehiatzeari utzi dio, beste kirol batzuk ere egiteko. Apirilean bi txirrindularitza proba entzutetsutan parte hartu du: Flandriako Tourrean eta Paris-Roubaixen.
Aritz Egea urretxuarrak mendi lasterketetan lehiatzeari utziko ziola iragarri zuen iaz. Bere familiaz gozatzeko eta beste kirol batzuk egiteko asmoa azaldu zuen. Mendiko lasterketetan hasi aurretik txirrindularia eta triatloilaria izan zen eta bizikleta berreskuratu du. Apirileko lehen asteburuan Flandriako Tourra egin zuen eta pasa den asteburuan Paris-Roubaix. Aizkorriko harkaitzetatik Flandriako eta Frantziako harbideetara pasa da.
Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix bi klasiko handi dira. Bost klasiko garrantzitsuenen (bost monumentuen) artean daude, Milano-San Remo, Liege-Bastogne-Liege eta Lombardiako Giroarekin batera. Egeak profesionalen lasterketen bezperan zikloturistentzat antolatzen diren probetan parte hartu du.
Oso pozik ageri da. «Egutegi bat jarraitzeari utzi eta gauza ezberdinak egiteari ekin nahi nion. Aspalditik nuen bi martxa horiek egiteko gogoa», azaldu du urretxuarrak. Ez zuen espero horrenbeste gozatzea. «Presarik gabe, txirrindularitza gustuko dugunontzat mitikoak diren toki eta probetan… aritu naiz. Batez ere, Flandrian. Nire ustez, Flandriako Tourra munduko lasterketa onena da. Roubaix ere mitikoa da, baina igotzailea naizenez… Biak egin eta gero, itzultzekotan, Flandriara itzuliko naiz».
Gainera, hango txirrindularitza zaletasuna sekulakoa da. «Flandrian txirrindularitza zaletasuna usaindu egiten da. Dena bizikletan ibiltzeko prestatuta dago. Banekien hala zela, baina lehenengo aldiz izan naiz bertan eta txundituta itzuli naiz. Erreferente bat nahi badugu, hori Belgika da: bai zaletu aldetik eta bai azpiegitura aldetik», aipatu du.
Bi probetan parte hartzeaz gain, profesionalen lasterketak ikusi ditu. «Flandrian Kwaremont-en izan ginen. Hiru aldiz pasa ziren bertatik. Gu nahiko lan hartuta pasa ginen eta beraiek nola pasa ziren ikustea sekulakoa izan zen. Giroari dagokionez, askotan Euskal Herriko zalegoa Belgikakoarekin konparatzen dute, baina hangoa beste maila batean dago. Asteburu honetan Sevillan egon daitekeenaren pareko zerbait zen: dena jendez lepo, sekulako giroa… Sekulako esperientzia izan da».
Paris-Roubaix proba ere ikusgarria da. «Lasterketa Arenberg-en ikusi genuen. Arenberg gure proban pasa genuen lehen harbide zatia izan zen. Baita gogorrena ere. Denak horrelakoak badira, ez dakit helmugara helduko naizen, pentsatu nuen. Azkeneko unera arte zalantzan izan nintzen, errepideko bizikleta hartu edo gravelekoa. Errepidekoa hartu nuen eta hala harbidea bere osotasunean sentitzeko aukera izan nuen. Dena den, uste nuena baino hobeto amaitu nuen. Ipurdi aldea eta eskumuturrak ukituta ditut, baina jendeak asko esajeratzen duela uste dut: bai proban zehar eta bai ondoren, gustura ondo sentitu naiz. Gogorra da, baina ahalik eta azkarren pasatzen saiatu eta kito. Hori bai, profesionalak 45-50 kilometro orduko abiadan pasatzen dira eta ezin duzu sinistu».
Zortea izan du, aurtengo Paris-Roubaix azken urteetako ikusgarriena eta lehiatuena izan baita. Wout Van Aert herbeheretarra eta Tadej Pogacar esloveniarra elkarrekin heldu ziren Roubaixeko belodromora. Biak lasterketa mitiko hori irabazi gabeak ziren eta esprintean Van Aert nagusitu zen. Egeak, gehienek bezala, Van Aert-ek irabaztea nahi zuen. «Van Aert zalea naiz. Asko poztu nintzen, dagoeneko bere jarraitzaile guztiak apur bat etsita baikeunden. Azkenean Paris-Roubaix irabaztea lortu du eta denok poztu ginela uste dut. Txirrindularitza gustatzen zaigun guztioi Van Aert-ek egin duena txalogarria iruditzen zaigu: azkenaldian gauzak gaizki atera zaizkion arren, lanean jarraitu du».
Egea ere oso lehiakorra da. Umetan atletismoan ibili zen, 12-13 urterekin txirrindularitzara pasa zen, afizionatu mailako lehen urtearen ondoren triatloian hasi zen eta azken urteetan mendiko lasterketetan aritu da. Triatloiari dagokionez, Hawaii-ko Iron Man entzutetsua egin zuen. Mendiko lasterketei dagokionez, puntaren puntan ibili da. Lasterketa asko irabazi ditu eta Zegama-Aizkorrin hiru aldiz jaitsi da lau ordutik.
Hurrengo probak
Urretxuarrak ez dio mendiko lasterketetan parte hartzeari utzi, baina bizikletarekin uztartuko du. Datorren urtean beste klasiko bat egiteko asmoa du. Herbehereetako Amstel Gold Race, beharbada. Mendiko lasterketei dagokienez, maiatzean Domusa lasterketan parte hartuko du eta ekainean Monte Rosa Sky Race proban. «Binaka egiten da, soka eta guzti. 4.000 metrora igotzen da. Abentura bila noa. Jokin Guijarrorekin egingo dut», aurreratu du.














