Joan Joxe Agirreri eta Lazkaoko beneditarren artxibategiari buruz liburua argitaratu du Torrealdaik
Joan Joxe Agirre artxibozain beneditarrari eta hark sortu duen Lazkaoko dokumentazio-guneari buruz liburua egin du Joan Mari Torrealdaik. Biltzailearen beraren ahotik kontatzen du historia: Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea; Juan Jose Agirreren artxiboa. Artxibategia aitzakia hartuta, altxor biltzailearen bidea jasotzea hartu zuen helburu Torrealdaik, bildumari nortasuna eman dion Agirreri eta berak ernearazi duen artxiboari lotuta. Liburuxkak 62 orrialde ditu, eta 140 argazki datoz, «modu erraz, ulerkor eta atseginean» irakurtzeko. Beneditarren Artxiboaren Fundazioak argitaratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta. Fundazioaren lehenbiziko argitalpena da. «Zertarako aritu fikzioa idazten, errealitatea bera horren aberatsa eta emankorra denean?», hasi zen hizketan egilea. Duela lau hamarkada, Agirre Kataluniatik Euskal Herrira itzuli zenean hasitako langintzaren historia da, sakonekoa. «Badirudi istorioak kontatzen direla, anekdotak. Baina sakoneko historia bat kontatzen ari da. Historia bikoitza da, Joan Joxerena eta dokumentazio-gunearena, bata bestea gabe ezin baita ulertu», azaldu du euskaltzainak. Izan ere, Agirreri egindako zortzi ordu eta erdiko elkarrizketa du oinarrian testu nagusiak. Lehen pertsonan, Agirreren ahotan dago kontakizuna. Testutxo osagarriek janzten dute historia. Artxibategiaren beraren historia «finkatuta» gelditzea da liburuaren beste helburu bat, «protagonistaren bertsioan gainera»: biblioteka nola antolatu zuen, nola bilatu zituen konplizeak, nola lortu zituen materialak, nola bisitatu zuen poliziak, nola bisitatzen duten ikertzaileek, nola iritsi ziren eraikina egitera eta [...]
Joan Joxe Agirre artxibozain beneditarrari eta hark sortu duen Lazkaoko dokumentazio-guneari buruz liburua egin du Joan Mari Torrealdaik. Biltzailearen beraren ahotik kontatzen du historia: Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea; Juan Jose Agirreren artxiboa. Artxibategia aitzakia hartuta, altxor biltzailearen bidea jasotzea hartu zuen helburu Torrealdaik, bildumari nortasuna eman dion Agirreri eta berak ernearazi duen artxiboari lotuta.

Torrealdai eta Agirre, liburuaren egilea eta ardatza, gaur eguerdian Lazkaon. Arg.: Aimar Maiz
Liburuxkak 62 orrialde ditu, eta 140 argazki datoz, «modu erraz, ulerkor eta atseginean» irakurtzeko. Beneditarren Artxiboaren Fundazioak argitaratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta. Fundazioaren lehenbiziko argitalpena da. «Zertarako aritu fikzioa idazten, errealitatea bera horren aberatsa eta emankorra denean?», hasi zen hizketan egilea.
Duela lau hamarkada, Agirre Kataluniatik Euskal Herrira itzuli zenean hasitako langintzaren historia da, sakonekoa. «Badirudi istorioak kontatzen direla, anekdotak. Baina sakoneko historia bat kontatzen ari da. Historia bikoitza da, Joan Joxerena eta dokumentazio-gunearena, bata bestea gabe ezin baita ulertu», azaldu du euskaltzainak. Izan ere, Agirreri egindako zortzi ordu eta erdiko elkarrizketa du oinarrian testu nagusiak. Lehen pertsonan, Agirreren ahotan dago kontakizuna. Testutxo osagarriek janzten dute historia.
Artxibategiaren beraren historia «finkatuta» gelditzea da liburuaren beste helburu bat, «protagonistaren bertsioan gainera»: biblioteka nola antolatu zuen, nola bilatu zituen konplizeak, nola lortu zituen materialak, nola bisitatu zuen poliziak, nola bisitatzen duten ikertzaileek, nola iritsi ziren eraikina egitera eta dokumentazio-gunea bermatu eta kudeatzeko fundazio bat egitera.
Torrealdaik, biografia eta istorio interesgarriak biltzen «egitekoa» dagoela ohartarazi du, betiko galdu eta gero ez damutzeko, eta belaunaldien transmisioa ziurtatzeko. «Ura pasatuta gero presa egin nahi izatea, berandu da orduan. Zorionez gaurko kasua ez da hori. Zor historiko bat bada, gainera, Joan Joxerekiko, bere historia bilduta uztea».