Jauregiren omenezko oroitarria puskatu dute, laugarren aldiz
Gipuzkoako gobernadore zibil izandako eta ETAk 2000ko uztailean hil zuen Juan Mari Jauregi legorretarraren omenez Burnikurutzeta mendian kokatuta dagoen oroitarria puskatu egin dute, berriz. Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuen erasoaren berri, bain...
Gipuzkoako gobernadore zibil izandako eta ETAk 2000ko uztailean hil zuen Juan Mari Jauregi legorretarraren omenez Burnikurutzeta mendian kokatuta dagoen oroitarria puskatu egin dute, berriz. Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuen erasoaren berri, baina oharrean gaineratu du aurreko astean egin zizkiotela oroitarriari kalteak.
Ertzaintzak dioenez laugarren aldia da oroitarria kaltetzen dutena. Legorreta, Beizama eta Tolosa udalerrien mugan dago ipinita, Jauregiren omenez. Duela zortzi urte inauguratu zuten, eta hilketaren urteurrenean urtero lore eskaintza egiten dute bertan; Jauregiren errautsak ere han zabaldu zituzten.
Eusko Jaurlaritzak, Rodolfo Ares Barne sailburuaren bitartez, gogor salatu du gertaera, «eraso faxista» dela gaineratuz. Alderdi politiko guztiei, «bereziki Bilduren arduradunei», publikoki sala dezatela eskatu die Aresek Ertzaintzaren oharraren bidez.