Beste bi jokalari fitxatu ditu Ampo Ordiziak
Ampo Ordiziak denboraldi honetarako aurreikusitako azken bi fitxaketak egin ditu aste honetan. Madrilgo CRC taldetik Joan Tudela Perret jokalari valentziarra ekarri du, Matias Tudela Ampo Ordiziako jokalariaren anaia. Iruñeko La Unica taldetik, berr...
Ampo Ordiziak denboraldi honetarako aurreikusitako azken bi fitxaketak egin ditu aste honetan. Madrilgo CRC taldetik Joan Tudela Perret jokalari valentziarra ekarri du, Matias Tudela Ampo Ordiziako jokalariaren anaia. Iruñeko La Unica taldetik, berriz, Mikel Garcia nafarra fitxatu dute.
Joan Tudelak hirugarren lerroan jokatzen du. 23 urte ditu, 92 kilo pisatzen du eta 1,83 da luze. Valentzian hasi zen errubgian jokatzen, eta Espainiako selekzioarekin jokatu izan du 17, 18 eta 19 urtez azpiko mailetan.
Mikel Garcia, berriz, taldeari aukera asko eskain diezazkiokeen jokalari da, edozein tokitan joka dezakeelako, eta indartsua eta azkarra delako. 23 urte ditu honek ere, 1,75 da luze eta 86 koloko pisua.
Thomas Hearne harroina ere albiste da aste honetan. Orain arte dedikazio osoa eskaintzen zion taldeari, baina aurrerantzean ez da hala izango, Ampo Ordiziako jokalari gehienak bezalaxe.
Bihar lagunarteko partida
Ampo Ordiziako aurredenboraldiko lehen partida jokatuko du bihar Elorrion, 17:00etan hasita. Getxo Artea izango dute aurkari, eta Elorrioko klubaren 30. urteurrena ospatu nahi dute partida horrekin. Paul Healyk eta Axio Arañak osatutako bikoarentzat lehen froga izango da partida hori. 26 jokalari deitu dituzte, eta jokalari gehienei minutuak ematen saiatuko dira. Partidak 20 minutuko lau zati izango ditu.