Bi urtetik 18ra arteko 12.000 ikasle goierritarrek hasi dute ikasturtea
Iratzargailuak azken bi hilabete eta erdian ez bezala jo zuen atzo Goierriko 12.000 oheren ertzean. Eskolako lehen eguna zuten milaka haurrek eta gaztek, 2011-2012 kurtsoari ekiteko garaia. Udako oporren ondoren, gehien-gehienak atzo joan ziren lehenbiziko egunez ikastetxera. Batzuk astelehenean hasiak ere badira, Goierri Lanbide Eskolan, adibidez; gainontzekoek aste honetan hartuko dute datorren ekainera arte luzatuko zaien eguneroko martxa, edo eskola bakar batzuetan datorren astelehenean. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aurrematrikulaziotik ateratako datuen arabera —matrikulazioen behin betiko datuak geroago ateratzen dira— Goierrin 12.054 ikasle ariko dira Haur Hezkuntzatik Batxilergora edo Lanbide Heziketa garaira bitartean. Eskualdeko biztanleria osoaren ia %18 da hori, bostetik bat. Iazko ikasturteko aurrematrikulazio datuekin alderatuta %2,84ko igoera eduki du aurtengo irailean eskolatzeak, 333 lagun gehiago, 2 urtetik 18rakoak. Hezkuntza zikloei dagokienez, aurrematrikulazio kopuruaren guztizkotik %86,5 nahitaezko eskolatze garaiko ikasleak dira. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan denera 10.433 goierritarrek jardungo dute. Sail horietatik ugariena Lehen Hezkuntza (6-12 urte bitarte) da Goierrin, 4.091 ikaslerekin. Haur Hezkuntzan (2-5 urte artekoak) 3.787 ariko dira, eta DBHn (12-16) 2.555 lagun. Unibertsitate aurreko ikasketetan —Batxilergoa eta Lanbide Heziketa— 1.621 gazte daude izena emanda, beti ere aurrematrikulen arabera. Horietatik hamarretik sei pasak (%61,7k) batxilergoa egingo dute, 1.000 lagunek. Lanbide Heziketaren hautua 621 gaztek [...]
Iratzargailuak azken bi hilabete eta erdian ez bezala jo zuen atzo Goierriko 12.000 oheren ertzean. Eskolako lehen eguna zuten milaka haurrek eta gaztek, 2011-2012 kurtsoari ekiteko garaia. Udako oporren ondoren, gehien-gehienak atzo joan ziren lehenbiziko egunez ikastetxera. Batzuk astelehenean hasiak ere badira, Goierri Lanbide Eskolan, adibidez; gainontzekoek aste honetan hartuko dute datorren ekainera arte luzatuko zaien eguneroko martxa, edo eskola bakar batzuetan datorren astelehenean.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aurrematrikulaziotik ateratako datuen arabera —matrikulazioen behin betiko datuak geroago ateratzen dira— Goierrin 12.054 ikasle ariko dira Haur Hezkuntzatik Batxilergora edo Lanbide Heziketa garaira bitartean. Eskualdeko biztanleria osoaren ia %18 da hori, bostetik bat.
Iazko ikasturteko aurrematrikulazio datuekin alderatuta %2,84ko igoera eduki du aurtengo irailean eskolatzeak, 333 lagun gehiago, 2 urtetik 18rakoak.
Hezkuntza zikloei dagokienez, aurrematrikulazio kopuruaren guztizkotik %86,5 nahitaezko eskolatze garaiko ikasleak dira. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan denera 10.433 goierritarrek jardungo dute. Sail horietatik ugariena Lehen Hezkuntza (6-12 urte bitarte) da Goierrin, 4.091 ikaslerekin. Haur Hezkuntzan (2-5 urte artekoak) 3.787 ariko dira, eta DBHn (12-16) 2.555 lagun.
Unibertsitate aurreko ikasketetan —Batxilergoa eta Lanbide Heziketa— 1.621 gazte daude izena emanda, beti ere aurrematrikulen arabera. Horietatik hamarretik sei pasak (%61,7k) batxilergoa egingo dute, 1.000 lagunek. Lanbide Heziketaren hautua 621 gaztek egin dute Goierrin. Eskualdean batxilergoa ematen duten zazpi ikastetxe daude, lanbide heziketara bideratuta hiru.
Zerbitzu osagarriak ere abian
Eskolak astiro-astiro ohiko martxa hartzen hasi diren bitartean, ikastetxeen zerbitzuek ere ekin diote lanurteari. Garraioa, zaintza zerbitzua, baita jangela gehienak ere, haurrekin batera itzuli dira Goierriko 22 herrietan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek bizpahiru astean goizetik bakarrik edukiko dituzte eskolak, ikastetxearen arabera.
Azkeneko bospasei urteetan eskolen inguruan sortu den beste zerbitzu bat ere hasi da: etxetik ikastetxerako joan-etorria oinez eta lagunartean egiteko ekimena. Oinezkoen metroa, trena edo bestelako deiturekin, herri hazienetan sortu dituzte taldeak, goizeko lehen orduan eskolara joateko, eta bazkal garaian joan-etorria egiteko. Zenbat herritan errotu da ohitura, beste zenbaitzutan gehiago ari da kostatzen.
Lagunekin berriz topo egin, gela eta irakasleak ezagutu, eta lehen eguneko berritasunen irrika gaindituta, gaur ere iratzargailuak joko du; bestela, ziurrenik.