Kalitatearen alderik atseginena antzerki bidez azalduko dute
Eusko Jaurlaritzak kalitateko turismoa bultzatzeko martxan jarri duen Ekintza onen kanpaina, Goierrira iritsiko da gaur. «Kalitatearen alderik dibertigarriena» erakutsi nahi dute, eta horretarako, umorez betetako kale antzezlan bat prestatu dute. O...
Eusko Jaurlaritzak kalitateko turismoa bultzatzeko martxan jarri duen Ekintza onen kanpaina, Goierrira iritsiko da gaur. «Kalitatearen alderik dibertigarriena» erakutsi nahi dute, eta horretarako, umorez betetako kale antzezlan bat prestatu dute. Ordizian eta Beasainen egingo dituzte emanaldiak.
Goitur agentziatik azaldu dutenez, «Euskadi mailan, hiru hiriburuen aurretik dago Goierri, kalitate ziurtagirien kopuruari dagokionean». Eskualde mailan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoen artean bigarrena da, Urdaibairen atzetik. Emaitza horiek, Goierrin sektore horretan egindako lanaren ondorio dira. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Goierri aukeratu du aurten kanpaina honi ekiteko. Udazkenean, eskualdeko 80 enpresa izango dira kalitate turistikoaren konpromisoaren ziurtagiria edukiko dutenak, eta beste zazpik, Q turistikoa jasoko dute.
Ordizian eta Beasainen
Ekintza onen kanpaina hori aurkezteko, antzezlan bat prestatu dute, izan ere, «publikoari gure mezua helarazteko, modu zuzena, atsegina eta gertukoa bilatu nahi izan dugu». Sketch ugari biltzen dituen 25 minutuko saioa da, eta Iker Galartza, Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria aktoreek parte hartzen dute.
Bi saio egingo dituzte gaur Goierrin; aurrenekoa Ordiziako plazan izango da 19:30ean; bigarrena berriz, Beasaingo Bideluze plazan, 22:15ean.