Mugikortasun Astearen inguruko jarduerak daude Urola Garaian
Lortu Goierri Garaiko garraio publikoen mapa
Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzen da bihartik eta hilak 22ra arte. Urola Garaian ekintza ezberdinak prestatu dituzte. Egitarau oparoena Legazpikoa izanda, Zumarragan ere Astearekin lotutako kartelak eta panelak jarriko dituzte.
Legazpin, Mugikortasun Astearen bueltan, bihar, Ekobira egingo dute Euskal Herria plazan, goizez eta arratsaldez. Ekobira kontsumo jasangarria sustatzea helburu duen azoka ibiltaria da. Ekoizle ekologikoek, eskulangileek, material birziklatuekin lan egiten dutenek eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek osatzen dute. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da azoka zabalik.
Ipiniko dituzten postuen artean, Legazpi bertakoak ondokoak izango dira: Legazpiko artisauak, Denda Berdeen postua, Mirandaolako denda, Ceida Ingurugelakoa eta Agenda 21eko postua; azken honetan, auto elektrikoa egongo da, eta probatzeko aukera emango dute. Kanpotik ere, hainbat artisauek eta energia berriztagarrien arloan lanean diharduten enpresek beren produktuak ikusgai jarriko dituzte.
Garaguneko erabiltzaileek bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte. Txikienentzako ingurumenari lotutako tailerrak eta lantegiak ere antolatu dituzte.
Azkenik, azokari lotutako enkante bat ere prestatu dute. Bisitariek beren eskaria aurkeztu ahal izango dute kirol, musika, gastronomia, kultura eta telebistako pertsonaia ospetsuen objektuak eskuratzeko. Arzaken eta Argiñanoren sukalde jakak, Adurizen mantalak, David de Jorgeren piperrauts-ontziak, Txirri Mirri eta Txiribitonen sudurrak eta turutak… osatuko dute enkantea. Ekintza honekin bildutako dirua Nokoue aintziraren (Benin-Afrika) inguruan dagoen herri batera energia berriztagarrien bidez argia eramateko erabiliko dute.
Bihar bertan, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa egingo dute Legazpin; gidatzerakoan erregaia aurrezteko baliagarria dena, alegia. Ikastaro honetan izena emateko epea itxi dute dagoeneko.
Kartelak Zumarragan
Asteartean, bizikleta martxarekin itxiko dituzte ekintzak. 18:30ean Laubiden jarri dute hitzordua. Kaskoa eramatea derrigorrezkoa da, eta ibilbidearen amaieran, bizikleta eliptikoak probatzeko aukera emango diete haurrei eta gurasoei.
Zumarragan Mugikortasun Astearekin lotutako sentiberatasun kanpaina egingo dute gaurtik hasita, Ainhoa Barbantxo teknikariak dioenez, «autoa aparkatu eta beste era jasangarriago batean mugi gaitezen». Zelai Ariztiko, Intermodaleko eta Kalebarrengo aparkalekuetan kartelak eta panelak jarriko dituzte, gaur. Kartelak egiteko, aurtengo Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketako argazki irabazleak erabili dituzte.