Al Kaedarekin lotura izatea leporatu dioten legorretarra eta beste lau atxilotuak aske utzi dituzte, behin-behinekoz
Espainiako Auzitegi Nazionalak larunbatean behin-behinekoz libre utzi zituen Hego Euskal Herrian atxilotutako bost pertsona, Magreb Islamdarreko Al Kaeda finantzatzea leporatzen jarraitzen duen arren. Tartean dago Abdelghaffour Bensaoula legorretarra, ...
Espainiako Auzitegi Nazionalak larunbatean behin-behinekoz libre utzi zituen Hego Euskal Herrian atxilotutako bost pertsona, Magreb Islamdarreko Al Kaeda finantzatzea leporatzen jarraitzen duen arren. Tartean dago Abdelghaffour Bensaoula legorretarra, asteartean Legorretan Guardia Zibilak atxilotua. Fernando Grande-Marlaska epaileak behin-behineko izaeraz eta baldintzapean kaleratzea erabaki du. Asteartetik epailearen aurrera eraman arte inkomunikatuta eduki dituzte aljeriar jatorriko bost euskal herritarrak, Madrilen. Legorretan, Irunen, Iruñean eta Berriozarren atxilotu zituzten.
Leporatzen dizkieten karguak indarrean mantendu dituzte, ordea. Magrebeko Al Kaedari “finantzazioan eta laguntza logistikoan laguntzea” egozten diete bostei. Helburu horrekin Aljeriara dirua bidaltzea da akusazioa. Italiako, Frantziako eta Suitza “talde islamistekin” lotura luketela dio Auzitegi Nazionalak. Epailearen autoan, “kriminalitaterako arrazoizko aztarna sendoak” daudela dio, baina “ikergai den kontakizun historikoa ziurtatzeko potentzialitate zehatzik gabeak”. Atxilotuen artean hartu-eman jarraiturik ez dela egon dio epaileak. “Zentzu jakin batean”, egikaritutako ekintza bakarrak atxilotuetako bati 45.000 euro atzeman izana eta yihadaren webgune batzuetara sartu izana direla aitortu du autoak.
Baldintza batzuk ere ezarri dizkiete akusatuei: hamabostean behin herriko epaitegian aurkeztea, estatutik baimen judizialik gabe irtetea debekatzea, edota bizitoki aldaketak jakinarazi beharra.













