Gaurtik urriaren 14ra bitartean Sagardo Astea egingo dute Igartubeitin
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan Sagardo Astea egingo dute urriaren 14a bitartean. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta hainbat egunetan duela 500 urte sagardoa nola egiten zuten ikusteko aukera izango dela eman dute jakitera. Aurten, gainera, Sagardo Asteak hamar urte bete dituenez, iraupen luzeagoa izango du, eta beraz, eskeintza zabalagoa izango da ikusleentzat. Sagar zanpaketak egunero egingo dituzte, 11:30etatik aurrera, eta Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiako eta Nafarroako ikastetxeei, jubilatuei eta euskaltegiei zuzendutakoak izango dira batez ere. Ezkio-Itsasoko hainbat lagun arduratuko dira zeregin horretaz, eta prozesuaren bukaeran, sagarren muztioa dastatzeko aukera izango dute bisitariek. Asteburuan eta Pilarika egunean 12:00etan egingo dituzte erakustaldiak, ohi baino ordu erdi beranduago, eta arratsaldean ere beste aukera bat emango diete bisitariei, 17:00etatik aurrera. Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50 kilo sagar gehituko dizkiote sagar pilari, erakustaldia egiteko. Asteburuan, Jo ala jo Arizkungo taldeak kirikoketa behar den moduan egin ahal izateko berriz, 150 kilo sagar gehituko dizkiote pilari. Jo ala Jo taldekoek larunbatean, igandean eta Pilarika egunean egingo dituzte kirikoketa erakustaldiak. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Arizkungoek antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hori gogora ekarriko dute beraz, Igartubeitu baserrian. Antzezpenak eta erakusketa Sagar zanpaketez gain, Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. [...]
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan Sagardo Astea egingo dute urriaren 14a bitartean. Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta hainbat egunetan duela 500 urte sagardoa nola egiten zuten ikusteko aukera izango dela eman dute jakitera. Aurten, gainera, Sagardo Asteak hamar urte bete dituenez, iraupen luzeagoa izango du, eta beraz, eskeintza zabalagoa izango da ikusleentzat.
Sagar zanpaketak egunero egingo dituzte, 11:30etatik aurrera, eta Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiako eta Nafarroako ikastetxeei, jubilatuei eta euskaltegiei zuzendutakoak izango dira batez ere. Ezkio-Itsasoko hainbat lagun arduratuko dira zeregin horretaz, eta prozesuaren bukaeran, sagarren muztioa dastatzeko aukera izango dute bisitariek. Asteburuan eta Pilarika egunean 12:00etan egingo dituzte erakustaldiak, ohi baino ordu erdi beranduago, eta arratsaldean ere beste aukera bat emango diete bisitariei, 17:00etatik aurrera.
Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50 kilo sagar gehituko dizkiote sagar pilari, erakustaldia egiteko. Asteburuan, Jo ala jo Arizkungo taldeak kirikoketa behar den moduan egin ahal izateko berriz, 150 kilo sagar gehituko dizkiote pilari. Jo ala Jo taldekoek larunbatean, igandean eta Pilarika egunean egingo dituzte kirikoketa erakustaldiak. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Arizkungoek antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hori gogora ekarriko dute beraz, Igartubeitu baserrian.
Antzezpenak eta erakusketa
Sagar zanpaketez gain, Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute. Antzezpenak larunbatean, igandean eta asteazkenean egingo dituzte, goizean, 11:30etatik 13:00etara bitartean, eta arratsaldean 16:30etik 18:30era artean. Herriko antzezle horiek XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako arropekin jantzita, baserria erakutsiko diete bisitariei, eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete.
Bestalde, Ezkio-Itsason bildutako sagar mota desberdinak ikusi ahalko dira Sagardo Astean zehar. Erakusketa interpretazo zentroan dago jarrita, eta Yartu kultur elkarteak antolatu du, Ezkio-Itsasoko Udalaren laguntzarekin.
Sagarrei buruzko jardunaldiak
Asteazkenean (urriak 5) sagar motei buruzko jardunaldia egingo dute Donostiako San Telmo museoko areto nagusian, arratsaldeko seietatik aurrera. Lehendabizi Iñaki Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Pomologikoko teknikariak hitzaldia emango du Bertako sagarraren erabilerak lelopean. Hitzaldiaren ondoren, Iñigo Cojo San Telmo Museoko Bokado jatetxeko laborategiko arduradunak, sagar mota desberdinek sukaldean ematen dituzten aukeren berri hitz egingo du. Jaki horiek dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Sagar motei buruzko jardunaldian parte hartu nahi duenak, Igartubeiti baserri museoko telefono zenbakira, 943 72 29 78ra, deitu dezake edota igartubeiti@gipuzkoa.net-era mezua bidali.














