Ibarguren eta Besada garaile Euskal Herriko dantza txapelketan, Seguran
«Ezin sinistuta, laino batean». Halaxe zeuden atzo oraindik Jon Ibarguren azpeitiarra eta Idoia Besada pasaitarra, igandean Seguran Euskal Herriko 35. Dantza Txapelketa irabazi zuen bikotea. Maila goreneko lehenbiziko txapela, gutxieneko tartearekin bada ere, bikote gaztearengana joan zen. Puntu bakarraren aldea atera zieten aurreko urteko txapeldun bizkaitarrei, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas sestaoarrei. Ustekabean lortu dute Ibargurenek eta Besadak Segurako titulu preziatua, euskal dantza txapelketen denboraldiko azkena. «Ez genuen espero, egia esan. Aurten ere sestaoarrak ziren faborito, hernaniarrak ere [Xabier Segura eta Lierni Martiarena, hirugarren sailkatuak] ondo ibiliko zirela bagenekien. Lan asko egin dugu urtean zehar, eta gure helburua saioa ondo irtetea zen; bai geu, bai ikusleak gustura geratzea», zioen atzo Ibargurenek. Fandangoa eta arin-arina egiten ari ziren bitartean, eta lana bukatutakoan, «sentsazio onarekin» geratu zirela aitortu du azpeitiarrak. «Gustura geratu ginen egindakoarekin. Noski, irabazle ginela jakindakoan oraindik gehiago, hunkituta». Hamar bikotek parte hartu dute 35. txapelketan. Lehen lauren multzoa —Lander Campos santurtziarra eta Haizea Hormaetxea leioarra izan dira laugarren— eta beste sei bikoteen arteko aldea puntuazioan nabarmena izan zen. Txapelaren —eta lepoko zapiaren— lehia, ordea, inoizko estuena izan da. Seguran txapeldun irten den bikoteak bi urte darama elkarrekin dantzan. Lehen beste kide batzuekin aritzen ziren lehiaketetan, mutila unibertsitatera [...]
«Ezin sinistuta, laino batean». Halaxe zeuden atzo oraindik Jon Ibarguren azpeitiarra eta Idoia Besada pasaitarra, igandean Seguran Euskal Herriko 35. Dantza Txapelketa irabazi zuen bikotea. Maila goreneko lehenbiziko txapela, gutxieneko tartearekin bada ere, bikote gaztearengana joan zen. Puntu bakarraren aldea atera zieten aurreko urteko txapeldun bizkaitarrei, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas sestaoarrei.
Ustekabean lortu dute Ibargurenek eta Besadak Segurako titulu preziatua, euskal dantza txapelketen denboraldiko azkena. «Ez genuen espero, egia esan. Aurten ere sestaoarrak ziren faborito, hernaniarrak ere [Xabier Segura eta Lierni Martiarena, hirugarren sailkatuak] ondo ibiliko zirela bagenekien. Lan asko egin dugu urtean zehar, eta gure helburua saioa ondo irtetea zen; bai geu, bai ikusleak gustura geratzea», zioen atzo Ibargurenek.
Fandangoa eta arin-arina egiten ari ziren bitartean, eta lana bukatutakoan, «sentsazio onarekin» geratu zirela aitortu du azpeitiarrak. «Gustura geratu ginen egindakoarekin. Noski, irabazle ginela jakindakoan oraindik gehiago, hunkituta».
Hamar bikotek parte hartu dute 35. txapelketan. Lehen lauren multzoa —Lander Campos santurtziarra eta Haizea Hormaetxea leioarra izan dira laugarren— eta beste sei bikoteen arteko aldea puntuazioan nabarmena izan zen. Txapelaren —eta lepoko zapiaren— lehia, ordea, inoizko estuena izan da.
Seguran txapeldun irten den bikoteak bi urte darama elkarrekin dantzan. Lehen beste kide batzuekin aritzen ziren lehiaketetan, mutila unibertsitatera joan zen arte. Jon Ibargurenek 20 urte ditu, eta Idoia Besadak 18 urte. Lezon (Gipuzkoa) entseatzen dute, Lurdes irakaslearekin.
Otsail inguruan hasi ziren lehiaketak prestatzen. «Hasieran astean bi egunetan entseatzen dugu, denboraldia prestatzeko. Udan izan ohi da txapelketa gehien, eta Segurarako astean hirutan jardun dugu, ordu eta erdian aldiko».
Euskal Herriko txapeldun ez ezik, aurten Arabako eta Gipuzkoako txapelak ere jantzi ditu Ibarguren-Besada bikoteak.
Afaria gurasoekin
Lorpena oraindik ez dutela erabat ospatu esan zuen atzo Ibargurenek. Gurasoekin eta irakaslearekin «afaritxo bat» egin zuten igandean. Atzo ohiko zereginetara itzuli ziren, unibertsitatera.
Garailearen ikurra, ohi bezala, Nestor Basterretxea eskultoreak eman ziek. Lehen aldiz parte hartu zutenen artean aurreen sailkatutako bikoteari —Aitor Arrieta eta Uxue Arrieta errenteriarrak— Guillermo Areizagaren izena duen saria eman zioten: gerrikoa eta mantala. Bikote gazteenaren oroigarria Oihan Martinez eta Ibabe Beristain bizkaitarrek jaso zuten, eta jantziena (200 euro) Ibarguren-Besadak.
SAILKAPENA
Euskal Herriko 35. Dantza Txapelketa
- Jon Ibarguren (Azpeitia) — Idoia Besada (Pasaia), 121 puntu
- Arkaitz Pascuas -Nagore de las Cuevas (Sestao), 120
- Xabier Segura — Lierni Martiarena (Hernani), 116,5
- Lander Campos (Santurtzi) — Haizea Hormaetxea (Leioa), 111,5
- Aitor Arrieta — Uxue Arrieta (Errenteria), 105
- Iker Sanz (Lezo) — Lierni Kamio (Villabona), 99
- Itziar Doiartzabal (Ibarra) — Amaiur Luluaga (Anoeta), 93,5
- Aritz Arrillaga — Amaia Bolinaga (Bergara), 90,5
- Oihan Martinez (Trapagaran) — Ibabe Beristain (Portugalete), 88
- Goreti Galarraga (Ibarra) — Maria Camarero (Tolosa), 80