Altzagako Artea elkartean berrikuntza lanak egingo ditu udalak, azarotik aurrera
Altzagako bizilagunentzako elkarguneetako bat den Artea elkartean berrikuntza sakonak burutuko ditu udalak. Azaroan hasiko dira lanekin, hiru-bat aste barru, Imanol Muxika alkateak jakinarazi duenez. Bizpahiru hilabete beharko dute bukatzeko; urtarrilaren azken aldera atzera erabilgarri egongo litzateke. Soziedadean berritzeko falta den zatiari helduko diote orain, duela urte eta erdiko obretan ukitu ez zuten eremuari, hain zuzen. Jangela berrituko dute, batetik. Hormak, sabaia eta zorua konponduko dituzte. Berogailua ere jarriko dute. Bestetik, komunak gaur egungo araudiaren eskakizunetara birmoldatuko dituzte, elbarrientzat eta irismen arazoak dituztenentzat erosoago jarrita. Altzagako udaletxearen alboan dago Artea elkartea, Torre-Mendia etxearen aldamenean. Udalaren jabetzakoa da egoitza, eta, horrenbestez, herriko etxeak hartuko du bere gain lanen kostua. Denera 85.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko du. Eusko Jaurlaritzaren Erein programako diru laguntza erabiliko du udalak finantzatzeko. Lehenagotik, taberna gunea eta barra berrituta daude. Jangelaren eremuan obrek dirauten bitartean, elkartearen zati hori erabili ahalko dute bazkideek eta bezeroek. Tabernaren lokala, sukaldea eta barra soziedadearen sarreran daude. Urbanizazioa, bukatzear Altzagan egunotan obra publiko bat hasiko badute, beste bat akaberara inguratzen ari da. Etxebizitza berrien eremua urbanizatzeko lanak bukatzear dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landagipuzkoa32 programako diru laguntza jaso du udalak, mila biztanle baino gutxiago duten udalerriei bideratutakoa. Guztira 140.000 euro inguruko aurrekontua izan du urbanizazioa [...]
Altzagako bizilagunentzako elkarguneetako bat den Artea elkartean berrikuntza sakonak burutuko ditu udalak. Azaroan hasiko dira lanekin, hiru-bat aste barru, Imanol Muxika alkateak jakinarazi duenez. Bizpahiru hilabete beharko dute bukatzeko; urtarrilaren azken aldera atzera erabilgarri egongo litzateke.
Soziedadean berritzeko falta den zatiari helduko diote orain, duela urte eta erdiko obretan ukitu ez zuten eremuari, hain zuzen. Jangela berrituko dute, batetik. Hormak, sabaia eta zorua konponduko dituzte. Berogailua ere jarriko dute. Bestetik, komunak gaur egungo araudiaren eskakizunetara birmoldatuko dituzte, elbarrientzat eta irismen arazoak dituztenentzat erosoago jarrita.
Altzagako udaletxearen alboan dago Artea elkartea, Torre-Mendia etxearen aldamenean. Udalaren jabetzakoa da egoitza, eta, horrenbestez, herriko etxeak hartuko du bere gain lanen kostua. Denera 85.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko du. Eusko Jaurlaritzaren Erein programako diru laguntza erabiliko du udalak finantzatzeko.
Lehenagotik, taberna gunea eta barra berrituta daude. Jangelaren eremuan obrek dirauten bitartean, elkartearen zati hori erabili ahalko dute bazkideek eta bezeroek. Tabernaren lokala, sukaldea eta barra soziedadearen sarreran daude.
Urbanizazioa, bukatzear
Altzagan egunotan obra publiko bat hasiko badute, beste bat akaberara inguratzen ari da. Etxebizitza berrien eremua urbanizatzeko lanak bukatzear dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landagipuzkoa32 programako diru laguntza jaso du udalak, mila biztanle baino gutxiago duten udalerriei bideratutakoa. Guztira 140.000 euro inguruko aurrekontua izan du urbanizazioa egiteak.
Bizileku multozan kaleak asfaltatu eta espaloiak eraiki dituzte. Aurreko asteetan lorezaintza zereginei heldu diete langileei. Lana erabat burutzeko arlo horretako xehetasun batzuk jartzea besterik ez da falta. Muxika alkatearen arabera bi asteren buruan bukatuta egongo litzateke.