Bost segurarrek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute, urriaren 19an
Ismael Moreno epaileak, 2009an Bilboko Aste Nagusian «terrorismoa goraipatzea» egotzi zieten hemeretzi lagun deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalera. Hemeretzi lagun horietatik bost segurarrak dira. Efe agentziaren arabera hemeretzi kide horietati...
Ismael Moreno epaileak, 2009an Bilboko Aste Nagusian «terrorismoa goraipatzea» egotzi zieten hemeretzi lagun deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalera. Hemeretzi lagun horietatik bost segurarrak dira.
Efe agentziaren arabera hemeretzi kide horietatik seik urriaren 17an joan beharko dute deklaratzera, beste seik urriaren 18an eta gainerakoek urriaren 19an. Euri Albizu, Xabier Elorza (jaiotzez ormaiztegiarra), Julen Legorburu, Iñaki Antia eta Unai Lopetegi hilaren 19rako deitu ditu.
Kasua berriz ireki
Gertakariak 2009ko Aste Nagusian gertatu ziren, ertzainek Bilboko txosnagunean sartu eta Kaskagorri, Txoribarrote eta Altxaporru txosnetatik pankartak eta argazkiak kendu zituztenean. Bost segurarrak txosna horietako batean txanda egiten ari ziren une horretan.
Txosnetan lanean aritu ziren hainbat laguni «terrorismoa goratzea» leporatu zieten, baina uztailaren 11an kasua ixtea erabaki zuen epaileak, delitu horren ustezko egileak ez zituztela identifikatu argudiatuta. Dignidad y Justicia elkarteak errekurtsoa jarri zuen, ordea. Bere ustez epaileak ez zituen deitu deklaratzera poliziaren txostenean agertzen ziren pertsona guztiak.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko hirugarren salak ikerketa irekitzea erabaki du. Magistratuek uste dute kasuaren instrukzioak aurrera jarraitu behar duela, eta zentzu horretan, identifikatutako lagunak galdekatzea «oso garrantzitsutzat» jo dute.
Sei lagun identifikatuta
Ertzaintzak egindako txostenean sei lagun agertzen ziren identifikatuta, baina hemeretzi pertsonek joan beharko dute Madrilera, deklaratzera.