Dirurik Gabeko Egunaren balorazio ona egin du Segurako Gazte Asanbladak
Dirurik Gabeko Egunari buruzko balorazio ona egin dute Segurako Gazte Asanbladako kideek. Truke azokari dagokionean, antolatzen duten lehendabiziko aldia izanik, pozik daude jasotako erantzunarekin. Maddi Gerriko Segurako Gazte Asanbladako kidearen hitzetan «berriz antolatzea erabakiz gero, hobetuz joateko aukera handia ikusten dugu». Arratsaldeko tailerrei dagokionean, beste modu batean planteatu beharko dituztela esan dute, batez ere Gazte Asanbladako kideek parte hartu baitzuten. Hasiera batean truke azoka goizeko hamaiketan irekitzeko asmoa bazuten ere, berandutu egin zitzaien apur bat, eta eguerdiko hamabietan ireki zuten. Euria ari zuenez, Txanbolinpe azpian jarri zituzten mahaiak, eta haien gainean jendeak eramandako jostailuak, liburuak, DVDak eta arropa. Gerrikoren hitzetan «uste baino jende gehiagok ekarri zituen etxetik gauzak. Asko gainera, Gazte Asanbladatik kanpoko herritarrak izan ziren». Batez ere 20tik 35 urte bitarteko gazte jendea izan zen gauzak azokara eraman zituena. «Guraso batzuk ere etorri ziren jostailuekin», dio Gerrikok. Jendea gauzak eramatera animatu zen arren, etxera ez ziren traste askorekin itzuli. Gerrikoren arabera, «truke gutxi egon zen, helbururik nagusiena etxetik trasteak ateratzea izan baitzen». Trukatutako gauzen artean arrakastarik gehien izan zuena arropa izan zen. Jostailu bat edo beste ere eraman zituzten haurrek. Jende kopuruari dagokionean berriz, jende gehien poteo garaian ibili zen, bai eguerdian eta baita iluntzean ere. Arratsaldean hainbat tailer [...]
Dirurik Gabeko Egunari buruzko balorazio ona egin dute Segurako Gazte Asanbladako kideek. Truke azokari dagokionean, antolatzen duten lehendabiziko aldia izanik, pozik daude jasotako erantzunarekin. Maddi Gerriko Segurako Gazte Asanbladako kidearen hitzetan «berriz antolatzea erabakiz gero, hobetuz joateko aukera handia ikusten dugu». Arratsaldeko tailerrei dagokionean, beste modu batean planteatu beharko dituztela esan dute, batez ere Gazte Asanbladako kideek parte hartu baitzuten.
Hasiera batean truke azoka goizeko hamaiketan irekitzeko asmoa bazuten ere, berandutu egin zitzaien apur bat, eta eguerdiko hamabietan ireki zuten. Euria ari zuenez, Txanbolinpe azpian jarri zituzten mahaiak, eta haien gainean jendeak eramandako jostailuak, liburuak, DVDak eta arropa. Gerrikoren hitzetan «uste baino jende gehiagok ekarri zituen etxetik gauzak. Asko gainera, Gazte Asanbladatik kanpoko herritarrak izan ziren». Batez ere 20tik 35 urte bitarteko gazte jendea izan zen gauzak azokara eraman zituena. «Guraso batzuk ere etorri ziren jostailuekin», dio Gerrikok.
Jendea gauzak eramatera animatu zen arren, etxera ez ziren traste askorekin itzuli. Gerrikoren arabera, «truke gutxi egon zen, helbururik nagusiena etxetik trasteak ateratzea izan baitzen». Trukatutako gauzen artean arrakastarik gehien izan zuena arropa izan zen. Jostailu bat edo beste ere eraman zituzten haurrek. Jende kopuruari dagokionean berriz, jende gehien poteo garaian ibili zen, bai eguerdian eta baita iluntzean ere.
Arratsaldean hainbat tailer egin zituzten, eta batez ere Segurako Gazte Asanbladako kideek parte hartu zuten. «Arratsalde euritsua pasatzeko modu polita izan zen, eta elkar ezagutzeko ondo etorri zitzaigula uste dut».
Aprobetxatu egingo dituzte
Bildutako arropa, jostailuak, liburuak eta DVDak gorde egingo dituzte, eta herrian behar gehien dutenei eta eskatzen dietenei ematea da gazteen asmoa. «Ahal dugun guztia aprobetxatuko dugu. Zakarretara botatzea izango da azken aukera».