Sarriegi eta Zubeldia
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetara igaro diren 24 bertsolaritatik hiru goierritarrak dira: Nerea Elustondo (Legazpi), Iñaki Apalategi (Beasain) eta Iban Urdangarin (Ataun). G Puntua txapelketaren barruan final zortzirenetan egin diren zazpi saioetako irabazleak eta gainerakoen artean puntu gehien lortu dituzten beste 17 igaro dira final-laurdenetara.
Eibarren (Gipuzkoa) egin zen final zortzirenetako hirugarren saioa irabazita lortu zuen Elustondok final-laurdenetarako txartela, 516 punturekin. Apalategi eta Urdangarin, berriz, puntuazioaren arabera sailkatu dira: Apalategi 475 punturekin eta Urdangarin 461 punturekin. Txapelketatik kanpo geratu dira Joxe Munduate, Amaia Iturriotz, Gorka Azkarate, Gorka Maiz eta Asier Sasieta goierritarrrak.
Sarriegi eta Zubeldia lehiara
Final-laurdenetako lehen saioa urriaren 22an da, Oñatiko Zubikoa kiroldegian. Bertan abestuko du Urdangarinek, eta ataundarra izango da fase berrian lehiatuko den eskualdeko lehen bertsolaria. Urriaren 29an Hondarribian egingo den kanporaketan abestuko du Aitor Sarriegik. Besaindarren lehen saioa izango da aurtengo G Puntua txapelketan.
Nerea Elustondo Idiazabalgo saioan ariko da urriaren 30ean, eta Iñaki Apalategi eta Iker Zubeldia zegamarra azaroaren 6an, Azpeitian. Zubeldia ere orduan batuko da txapelketara. Txapelketako finalaurrekoak azaroaren 26an eta 27an eta abenduaren 4an jokatuko dituzte. Finala abenduaren 18an, Donostian.