Martin Garcia: «Herrigunea erabat txikia eta itsusia zen 1862an»
Beasaingo Paperak bildumaren 19. liburukia arratsaldean aurkeztuko dute Igartza jauregian. Aurtengo lana egiteko zazpi urte behar izan dituzte Martin Garcia eta Igor Garcia aita-semeek. Bilduman 1862an trena Beasaina iritsi zenean herria nolakoa zen jaso dute, trenbidearen bi aldetan zeuden eraikinen inguruko informazioa emanez. Martin Garciak (Beasain, 1944) esan duenez, «herriaren orduko erradiografia bat» egin dute. Nola aldatu zen Beasain trena iritsi zenean? Asko aldatu zen, kanpotik jende asko etorri zelako. Hori izan zen Beasainek industrializazioagatik ordaindu behar izan zuen bidesaria, jende berria etortzeak hizkuntzan eta ohituretan eragin handia izan baitzuen. Geltokia eraikitzeko lanak egiteko 300 langile etorri ziren, eta garai hartan jende asko zen hori, batez ere kontuan hartzen badugu herrigunean, 1862an, 34 etxebizitza eta 330 biztanle zeudela. Gainerako biztanleak herrian zehar oso sakabanatuta zeuden baserrietan bizi ziren. Trenbidea oinarri hartuta, 1862an Beasain nolakoa zen kontatu duzue liburuan, herria zazpi sektoretan banatuta. Zergatik banaketa hori? Herria lurrez oso handia zen orduan, eta gune edo sektore ezberdinez osatuta zegoen: Antzizar-Ubilotz, Igartza, Geltokia, Herrigunea, Ugartemendi-Senpere eta Lantegi Handia-Lazkaibar. Gune batetik bestera gainera hutsune handiak zeuden. Gainera, kontuan hartu behar da 1862an Arriaran, Gudugarreta eta Astigarreta ez zirela Beasain. Herriguneaz gain, Aratz-Matxinbenta, Garin eta Igartza zeuden, nahiz eta azken hau errepublika [...]
Beasaingo Paperak bildumaren 19. liburukia arratsaldean aurkeztuko dute Igartza jauregian. Aurtengo lana egiteko zazpi urte behar izan dituzte Martin Garcia eta Igor Garcia aita-semeek. Bilduman 1862an trena Beasaina iritsi zenean herria nolakoa zen jaso dute, trenbidearen bi aldetan zeuden eraikinen inguruko informazioa emanez. Martin Garciak (Beasain, 1944) esan duenez, «herriaren orduko erradiografia bat» egin dute.
Nola aldatu zen Beasain trena iritsi zenean?
Asko aldatu zen, kanpotik jende asko etorri zelako. Hori izan zen Beasainek industrializazioagatik ordaindu behar izan zuen bidesaria, jende berria etortzeak hizkuntzan eta ohituretan eragin handia izan baitzuen. Geltokia eraikitzeko lanak egiteko 300 langile etorri ziren, eta garai hartan jende asko zen hori, batez ere kontuan hartzen badugu herrigunean, 1862an, 34 etxebizitza eta 330 biztanle zeudela. Gainerako biztanleak herrian zehar oso sakabanatuta zeuden baserrietan bizi ziren.
Trenbidea oinarri hartuta, 1862an Beasain nolakoa zen kontatu duzue liburuan, herria zazpi sektoretan banatuta. Zergatik banaketa hori?
Herria lurrez oso handia zen orduan, eta gune edo sektore ezberdinez osatuta zegoen: Antzizar-Ubilotz, Igartza, Geltokia, Herrigunea, Ugartemendi-Senpere eta Lantegi Handia-Lazkaibar. Gune batetik bestera gainera hutsune handiak zeuden. Gainera, kontuan hartu behar da 1862an Arriaran, Gudugarreta eta Astigarreta ez zirela Beasain. Herriguneaz gain, Aratz-Matxinbenta, Garin eta Igartza zeuden, nahiz eta azken hau errepublika independentea izan beti. Liburuan, sektore bakoitza independentea da. Ez dago zertan liburu osoa irakurri behar gune bateko informazioa ulertzeko. Hala, irakurleak gehien interesatzen zaion zatia irakurri ahalko du.
Bilduman nolako informazioa aurkituko du irakurleak?
Trenbidea eraikitzeko ingeniari frantsesek egin zituzten planoak hartu ditugu oinarri gisa. Oso plano zehatzak dira, 100 metroko eskalan egindakoak. Beraz, trenbidearen bi aldeetan zeuden eraikin, zubi, lantegi… guztiak identifikatzeko izugarrizko tresna izan da. Plano horietan agertzen zen informazioa osatu dugu, eta argazki zaharrekin eta planoekin batera bilduman bildu ditugu datu horiek guztiek.
Gaiaren inguruan egin dituzuen ikerketetan informazio berririk aurkitu al duzue?
Uste baino gehiago, baina dena ezin izan dugu bilduman jaso. Informazio asko gorde egin dugu, Beasain Jaietan urtekarian edo beste publikazio batzuetan argitaratzeko. Sektore bakoitzarekin liburutxo bat egiteko adina informazio jaso dugu, eta informazio horietako asko berriak dira.
Zer informazio aurkitu duzue Antzizar-Ubilotz sektoarei dagokionez?
Sektore horretan, Antzizar eta Antzizar Txiki ziren baserri nagusiak, eta orain arte jendeak uste zuen Antzizar Txiki Gasparrene izenez ezagutzen zen baserrria izan zela, 1985ean bota zutena. Orain aurkitu dugun informazioaren arabera, ordea, Gasparrene 1851an eraiki zuten, eta Altsasura zijoan bidean zegoen ostatu bat izan zen. Antzizar Txiki baserria noiz desagertu zen ez daki inork.
Igartza «errepublika independentea» zela aipatu duzu. Gune horri dagokionez zer berrikuntza aurkitu dituzue?
Igartzako plaza deitutakoaren inguruan zeuden baserri guztiak Igartzako jauntxoaren esku zeuden: Usategi, Errota, Dolarea, Agirrezabal, Zapatari, Muruena, Errementari… Atzerago zegoen Agirre Haundi baserriak aurretik Arramendi izena zuela jakin ahal izan dugu, jauntxoaren esku ez zegoen etxe bakarra. Antzizardik errepidea jarraituta, Dolarea izango da errepide ondoan aurkituko dugun lehen baserria Igartzan. Aurretik San Martinerako bidea egongo da, besteak beste Telleri eta Errekarte baserrietara joateko gurdi-bideekin. Gune horri buruz beti esan izan da Igartzako jauntxoaren esku zeudela, baina inoiz ez da hala izan. Beti Errekarteko jauntxoarenak izan dira, eta Errekarteko jauntxoak Igartzakoak adina botere zuela jakin ahal izan dugu.
Geltokia eraikitzeko horrenbeste langile etortzeak, zein aldaketa ekarri zituen gune horretan?
1862an hiru baserri besterik ez zeuden: Barrendain Zahar, Tapia eta Urbi. Trena etorri zenean, berriz, auzo berri bat sortu zuten, Geltokiko auzoa. Barrendain Berri baserria ere eraiki zuten zaharra botata, eta langileek ere bi etxebizitza eraiki zituzten, Vista Alegre izenez ezagutzen zirenak. Geltokiko auzoa Zelata Zahar baserrian hasten zen, gaur egun Cuesta farmazia dagoen leku berean. Aurrerago zegoen Nekola eta Zelata Berri baserrietarako bidea, eta Zulaika anaien Tapia baserriak. Gune honetan aurkitu dugun berrikuntza izan da merkantzien biltegia eraiki ahal izateko 1780an eraikitzen amaitu zuten errepide nagusia 400 metro desbideratu behar izan zutela. Liburuan oso argi ikusten da, planoetan eta argazkietan, errepidearen desbideraketa.
Lehen eman dituzun datuen arabera, herrigunea oso txikia zen ezta?
Oso tixkia eta niretzako erabat itsusia zen herrigunea 1862an. Etxe bakoitzeko batez beste 10 pertsona bizi ziren, bidean aurrera eginez bide bazterrean lehen etxea Bideburu zen, gaur egun plazara igotzeko aldaparen erdian, gutxi gora-behera. Ondoren Aranberri-Azpikoetxea zegoen, egungo Kale Nagusiko 9 eta 11 zebakietan. Eskubian berriz, Mendienea etxea eta haren orgategia zeuden, eta horien ondoan, Baraikoa Haundi eta Baraikoa Txiki, Zubimuzu, eta pixka bat atzerago Zufiaurre Handi eta Zufiaurre Txiki. Gaur egun Urbizu farmazia dagoen lekuan Etxaluze zegoen eta alboan Etxaluze Berri. Handik Ezkiagaraino ez zegoen ezer.
Herrigunetik oso urrun al zegoen Lazkaibar?
Herrigunera iristeko Ordiziatik edo Lazkaotik barrena joan behar ziren oinez, baina oso sektore bizia zen, bertan zegoelako Iherros San Martin de Urbieta lantegia, ondoren Goitia y Compañia izango zena. Lantegirako bi sarrerak auzoan zeuden, eta urteen poderioz lantegitik barrena herrigunera joateko bertatik igarotzeko baimena lortu zuten auzotarrek.
Eta Ugartemendin, zein informazio berri aurkitu duzue?
Lazkaomenditik zetorren ubidearen ondoan telare oso garrantzitsu bat zegoela jakin ahal izan dugu, Senpere-Haundi baserriaren jabearena zena. Baserri oso garrantzitsua izan zen gainera, ospitale militarra ere izandakoa.
Berrikuntza horiek denak, nola identifikatuko ditu irakurleak?
Ingeniariek1862an egindako plano guztiak eta 350 argazki zahar jarri ditugu, horietan ikusten diren elementu guztien inguruko informazioa emanez.
Zergatik erabaki zenuten Beasainen historia trenbidea oinarri hartuta kontatzea?
Argi dago Beasainek lotura estua duela trenarekin, eta trenbideak asko baldintzatu zuenez herriaren historia, oso gai interesgarria iruditu zitzaigun. Lan asko egin behar izan dugu zazpi urte hauetan, artxiboetan informazioa bilatzeko eta jendearekin hitz eginez, jaso dugun informazio asko ahoz-aho jaso dugulako baserrietako bizilagunen eskutik.












