Olatz Berastegi
Olatz Berastegi• Harremanak elkarteko kidea
Olatz Berastegik sexualitatea lantzen du ikastetxeetan, ikasleekin; Harremanak elkarteko kidea da. Elkarte honek aholkularitza presentzial zerbitzua eskaintzen du hilero Gazte Bidean lokalean. Azaroaren 24ean hitzaldia egingo dute Urretxuko kultur etxean Tratu onak harremanetan izenburupean. 19:00etan hasiko du tertulia saioa.
Zein lan egiten duzue eskoletan?
Pertsonaren izate sexutua zer den azaltzen dugu. Gure gorputzen ezagutza, neska eta mutil bezala nola bizi garen, izateko era ezberdinak… azaltzen ditugu. Izate sexutua gure biografian eraikitzen da, prozesu bat da, bakarkakoa, errepikaezina. Neskak, mutilak, pertsonak ezberdinak garen heinean, elkarrekin egoteak aberasten gaitu; elkar ulertzea, komunikazioa… Euretaz, euren gorpuzaz, sentimenduetaz eta euren arteko harremanaz hitz egiten dugu. Euskarriak ere ematen dizkiegu, harreman horietan harreman konszienteak eta osasuntsuak eraikitzeko. Alde positibotik begiratzen saiatzen gara. Ez gara oinarritzen gaixotasunetan eta arazoetan.
Gazteek zein duda galdetzen dizkizuete?
Harreman sexualen inguruan, maitasunari buruz, ligatzeko kontuez, beldurrez, sexualitatearen inguruko mitoez… galdetzen digute.
Esan ohi da egungo gazteak bizkorragoak datozela….
Hori garai guztietan esan den gauza bat da. Ez dut uste orain desberdina denik. Informazio gehiago edo iturri gehiago badira, bai, baina gero informazio hori barneratzen asmatu behar dute.
Lan hau egiten hasi zinetenetik zein aldaketa ikusi dituzue gazteengan edo hauek bikoteaz duten ikuspegian?
Kontestua aldatu da, mugitzen garen testuingurua. Kontestuak mugikorragoak dira. Informazio kantitatea aldatzen ari da, Kontzientzia indibidualak ere bikote harremanen osaketa aldatzen du. Kontestuak aldatu arren, atzean pertsonok jarraitzen dugu, bizitzen eta ikasten ari garenak. Ona da norbere buruari begiratzea, baina izaki sozialak garenaz jabetu behar gara, eta besteekin bizitzeak, askotan amore zuk eman behar duzula esan nahi du. Hori agian, bai aldatu da.
Eta homosexualitatea ikusteko modua? ari al da aldatzen?
Nik bai uste dut aldatzen ari dela. Legea batetik, eta bestetik, gehiago bistaratzen den errealitate bat da. Noski, oraindik ere badagoela egitekorik, barneratuagoa dugu eredu heterosexuala, baina bai uste dut, aldaketa bat badagoela. Arartekoaren ikerketa baten berri eman zuten, eta datuak nahiko txarrak ziren, oraindik ere homofobia asko zegoela zioten. Baina gero, kolaboratzen dudan irratsaio batera hiru seme alaba dituen lesbiana batek deitu zuen, eurek bizitza normaltasunez daramatela esanez. Salto kualitatibo horiekin ere gelditzen naiz. Oraindik desberdin ikusten duguna kosta egiten zaigu, baina badoa pixkanaka.
Gazte Bidean lokalean ere hileroko lanketa bat abiarazi duzue…
Hilabeteko hirugarren ostiralean sexualitateko aholkularitza presentziala egiten dugu. Bertan, gainera, hilabetero sexualitatearekin lotutako gai ezberdinak jorratzen dira: estereotipoak, harreman sexualak, gorputzaren ezagutza, neska- mutil izateko aukera ezberdinak…
Zer da sexualitatea?
Giza izate sexutuak hiru elementu ditu: sexua, sexualitatea eta erotika. Sexua, garena, sexututako ezaugarriak dituen estruktura organikoa da; sexualitateak norbere bizipenak eta bizitzeko era hartzen ditu eta erotika, azkenik, naizen hau nola adierazten dudan izango litzateke, eta ze harreman mota eraikitzen ditugun.