Ordiziako ferian berotu nahi izan dute hautagaiek hauteskunde kanpaina
Ordiziako feria aprobetxatu dute gaur alderdietako hautagaiek, orain artean epeletik joan den hauteskunde kanpaina berotzen hasteko. Eguna eta tokia ikusita, nekazaritzaren inguruan dituzten proposamenak azaltzeko ere aprobetxatu dute batzuk. EAJ eta Amaiur izan dira adierazpenak egin dituztenak; ondoren, feriatik buelta bat eman eta solasean aritzeko eta propaganda banatzeko tartea hartu dute. Bestalde, PSE-EEko hautagaiak larrosak banatzen aritu dira. Ezker Anitza-Izquierda Unida alderdikoak ere azokan izan dira, propaganda banatzen.
Igande honetan, azaroak 20, izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpainaren bigarren astea bada ere, orain artean ekitaldi gutxi batzuk besterik ez dira izan Goierrin. Gaurkoaz gainera, Amaiurrek Beasainen egin zuen ekitaldia eta EAJk CAF enpresara egindako bisita aipatu behar dira. PSE-EEk, bere aldetik, larrosak banatu ditu hainbat herritako azoketan.