Euskarazko bost birao onenak saritu ditu gazte asanbladak, 65 biraoren artetik
Ordiziako Gazte Asanbladak Euskararen Egunaren harira antolatu zuen Euskarazko Birao Lehiaketara aurkeztutako 65 biraotatik –gazteleraz jasotakoak kontuan hartu gabe– bost saritu dituzte, eta haien egileek, Goierriko Hitza egunkariaren eta Goierrit...
Ordiziako Gazte Asanbladak Euskararen Egunaren harira antolatu zuen Euskarazko Birao Lehiaketara aurkeztutako 65 biraotatik –gazteleraz jasotakoak kontuan hartu gabe– bost saritu dituzte, eta haien egileek, Goierriko Hitza egunkariaren eta Goierritarra aldizkariaren urteko harpidetza jaso dute saritzat.
Jon Mendizabalen Beasaingoa ematezu!, Mielen Joan zaitez zure amak atera zintuen zulotik barrena!, Asier Muñagorriren Hi haiz hi, lasto eskaseko txorimaloa!, Xanti Salcedaren Garagardo beroa baino okerrago sartze haiz!, eta Igor Otegik eta Naiara Garmendiak aurkeztutako Hi aston ipurtzuloa baino itsusiagoa haiz! dira, gazte asanbladako kideen eskariz osatutako epamaihaiak hala erabakita, saria jasoko duten bost biraoak.
Beste sei sariaren atarian
Hilaren 2, 3 eta 4an Ordiziako hainbat tabernatan jarritako postontzietan sartu behar zituzten biraoak parte hartzaileek, biraoa bera eta izen-abizenak idatzita. Parte hartzaileek nahi adina birao idatz zitzaketen. Finalerako 11 birao sailkatu ziren, eta hauexek dira saririk gabe geratu diren seirak: Txoropurtzile, olki puxkea!, Zu ta zure atte ama berdinekok zeate!, Kaka gora egitea baino tontoagoa zara!, Berbenan enplastoa baino okerragoa haiz kopetan!, Hi, poteko esnea baino alperragoa haiz! eta Zure bekain gain horretan ximaur gurdikara bat hustuko nuke. Zitala!. Lehiaketaren helburua «jendearen haserrea euskara bideratzea» zen.