Euskaditarrak 2 taldearentzat izan da
lehen edizio honetako sari nagusia; guztira 156 gaztetxok hartu dute
parte, eta aurreikuspenak guztiz bete direnez...
Euskaditarrak 2 taldearentzat izan da lehen edizio honetako sari nagusia; guztira 156 gaztetxok hartu dute parte, eta aurreikuspenak guztiz bete direnez antolatzaileak ekimenari jarraipena emateko moduak aztertzen ari dira.
Pasa den ostegunean, abenduaren 8an, jokatu zen Zumarraga eta Urretxuko udaletako euskara eta kultura sailek eta Zumarraga-Urretxuko bertso eskolak orain hilabete inguru abian jarritako Mingainluze lehiaketako finala. Labeaga aretoa jendez lepo bete zen ekimen arrakastatsu honetako azken saioa bertatik-bertara jarraitzeko, eta emozioa izan zen azkenerarte protagonista.
Aurretik jokatutako kanporaketetatik sailkatutako lau taldek hartu zuten parte finalean:
- Triku (Maddi Agirrebengoa Tapia, Pello Biain Peña eta Marta Ibarzabal Fincias)
- Sorginak (Helene Andola, Ane Larrea eta Ainara Gutierrez)
- Azkarrak (Iker Martinez, Julen Igartza eta Oier Etxeberria)
- Euskaditarrak 2 (Alots Bereziartu Perez, Aimar Murillo Primo eta Martin Sagastibeltza Igartua)
Lehen faseko probak egin ostean Erantzuna emanda, Potokumeak eta Esamesak, hiru taldek egin zuten aurrera, Trikuk, Euskaditarrak 2k eta Azkarrak-ek. Jarraian, beste hiru proba egin zituzten Gurpila, Imintzioka eta Tribuaren berbak, eta bigarren fase honetan bi taldek egin zuten aurrera Trikuk eta Euskaditarrak 2k. Bi talde hauek jokatu zuten azkeneko fasea Eroglifikoak eta Zer da zer probekin, eta azkenean, puntu oso gutxigatik izan bazen ere, Euskaditarrak 2 taldea izan zen nagusi eta honenbestez eurentzat izan zen Mingainluze ekimenaren lehenengo edizioko garaipena.
Pozik ziren amaieran denak, nola irabazleak, hala gainerako finalistak. Euskaditarrak 2 taldeko Alots Bereziartu, Aimar Murillo eta Martin Sagastibeltzak, 200 euroko erosketa txartela jaso zuten, Zumarraga-Urretxuko dendetan gastatzeko, eta gainerako finalistek, hainbat produktuz osaturiko lote didaktikoa. Amaieran, finalistek ez ezik Mingainluzen parte hartu duten gainerako gaztetxoek ere merienda bikaina egiteko aukera izan zuten Labeaga aretoko sarreran.
Azaroan eman zitzaion hasera Mingainluze ekimenari eta
aurrekanporaketak eta
finalerdiak jokatu ostean, osteguneko finalarekin eman zitzaion akabera ekimen berritzaile eta partehartzaile honen lehenengo edizioari.
Guztira, 156 gaztetxok hartu dute parte Mingainluze lehiaketaren lehenengo edizioan, hiruko taldetan banaturik, 9 eta 11 urte bitartekoak. Antolatzaileek ez ezik, ikastetxe eta gurasoek ere balorazio oso positiboa egin dute behin amaierara iritsita; aurrera begira ekimenari jarraipena emateko moduak aztertzen ari dira antolatzaileak, ekimena indartuz eta agian baita beste adin tarte batzuei zabalduz ere. Izan ere, haseran jarritako helburuak guztiz bete dira.