Preso politikoen eskubideen alde baraualdia egin dute hainbat udal ordezkarik
Euskal preso politikoen eskubideen defentsan, hainbat ekimen egiten ari dira egunotan. Horietako bat da, Goierriko hainbat udal ordezkarik gaur egin duten baraualdia. Normalizazioaren bidean, “erronka berriak” bultzatzeko espetxe politika zaharra bertan behera uztea “ezinbestekoa” dela azaldu dute. Besteak beste, Lazkao, Ordizia (irudian) eta Urretxuko udal gobernu taldeek bat egin dute baraualdi horrekin. Eguerdian gainera, elkarretaratzeak egin dituzte hiru udaletxe horien aurrean. Beasainen berriz, 19:30ean egingo dute bilkura, udaletxeko plazan.
Herri horietan, “bizi dugun aukera historikoaren aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua” eskatzen duen mozio bana onartu dute aurreko asteetan. Testu horretan, “dispertsioaren amaiera eta preso guztiak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta zigorra beteta duten presoak askatzea” eskatzen dute. Bestalde, urtarrilaren 7an, Kolosala izango da lemapean, Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei. Ordizian eta Beasainen, esaterako, autobusak ere antolatu dituzte egun horretarako.
- Gaur, Ordizian egin duten elkarretaratzea
- Lazkaon egindako elkarretaratzea

















