Aitor Sarriegi: "Hasierako urte haietan ondoan zein nituen ondo gogoan dut"
Erregulartasuna mantendu nahi zuen Aitor Sarriegik (Beasain, 1976) Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Eta baita lortu ere. Zapatei ia begiratu gabe aritu zen kantuan igandean, gainerako zazpi bertsolariekin txapela lortzeko deman. Batek bakarrik irabaz zezakeen, ordea, eta beasaindarrak jantzi du G Puntua txapelketako txapela. «Gustura» dago txapelduna herenegun egindako lanarekin, bestela ezinezkoa dela esanez.
Zer moduz ikusi zenuen zure burua herenegun Illunben?
Nahiko ondo, gustura. Agian konfiantza hartu arteko tarte horretan okerren, baina bestela erregular. Batik bat, buruz-burukoan gozatu nuen gehiena.
Finaleko saioan erregulartasuna mantendu nahi zenuela esan zenuen finalaren aurretik. Alde horretatik gustura zaude?
Bai, agian pixka bat gehiago lortu nahi nuen, baina nola esango dut ba gustura ez nagoenik. Uste dut denok gauza politak egin genituela igandean, baina baita zortziok egin genezakeela pixka bat gehiago. Batez ere, horregatik esaten dut pixka bat gehiago egin nahi nuela.
Saioa orokorrean hartuta, nola ikusi zenuen finala?
Nahiko sentsazio onarekin geratu nintzen. Esango nuke zortziok egin genituela gauza politak, gauza oso onak egiten ikusi nuen jendea, baina akatsak ere ia denok egin genituen. Adibidez, Iñaki Apalategi oso ondo ikusi nuen eta asko poztu nintzen egin zuen saioagatik. Uste dut halako plaza batean saio on bat egitea merezi zuela, eta pentsatzen dut denok eman genezakeela gehiago, baina gure punta ere denok utzi genuen sioan.
Zuk zerorrek bertso batean ere aipatu zenuen igandean, eta etxekoek eta lagunek ere gogorarazi zizuten burura begiratzeko, zapatei begiratu gabe. Orain arte txapelketan ez bezala, igandean zapatei asko begiratu gabe abestea lortu zenuen.
Ba, begiratu nien! Kantura atera aurretik badut oinetakoetara begiratzeko ohitura, baina aurreko asteetan baino gutxiago begiratu diet oraingoan, eta jendeari begiratzek saiakera egin dut. Alde horretatik, erregulartasunari dagokionez, gustura nago.
Gaiak zer moduzkoak iruditu zitzaizkizun?
Nik kexa handirik ez dut gaiei dagokionean. Ezta erraza gaiak jarri behar direnean oreka mantentzea, eta orain lau urte, adibidez, oso kritikatuak izan ziren, oso gai dramatikoak izan izerela eta. Baina nik uste alde horretatik ez dagoela kexarik.
Buruz-burukoan, kartzelako gaia ikus-entzunezko bidez jakinarazi zizueten bi finalistei. Zer iruditu zitzaizun berritasun hori?
Ondo, nik uste dut azpiegitura horiek aprobetxatu egin behar direla, eta jendeari begira ere oso baliagarriak direla. Gaia emateko modua izan zen berria, baina ez dut uste ikus-entzunezkoak gaia jan zuenik. Orain arte, agian, jendeak gehiago interpretatzen zuen alde horretatik, eta nik uste dut aurrera begira ere jorratu egin behar dela bide hori.
Gai jartzaileek bi aldiz jarri zizueten bideoa, eta bitan azpimarratu ondo erreparatzeko irudiei. Bertsoak osatzerakoan, ordea, zuk ez zenien erreferentzia askorik egin bideoko irudiei. Zergatik?
Hasieratik espero nuen saioan gaia bilatzea, eta gainera iruditu zitzaidan bideoa momentu batean oso azkar zihoala: poltsa, ogia… bat eta beste ikusi nituen, ez nintzen konturatu porruak, letxugak edo azak ziren poltsan zeudenak… Hor iruditu zitzaidan azkar xamar ez ote zihoan bideoa. Askotan gaietan batzuek hitz bati jartzen diote arreta, eta beste batzuek beste bati. Gai bat oso desberdina izan daiteke bi pertsonentzako, eta kasu honetan are gehiago, irudia eta soinua daudelako. Baino telebistan esaten zutena entzun nuenean, arreta guztia mezuan jarri nuen, eta iruditu zitzaidan mezuak beste dena estaltzen zuela. Horregatik, egia da ez niola arreta berezirik jarri mezu hori emateko moduari. Beñat Gaztelumendik, berriz, moduari heldu zion gehiago.
Kartzelako ariketarako gai egokia irudi zitzaizun ETAren albistea?
Denok dakigu ez garela edozein garaitan bizi, eta seguruenera, datozen hilabeteetan eta urtetan aldaketa dexente ezagutuko ditugu. Mila puntu izan ditzakeen gaia da, eta hamar mila euskaldun elkartzen diren foro batean horren inguruan iritzia plazaratzeko aukera izatea polita da.
Bertso saio guztia kontuan hartuta, zure zein ariketa gustau zaizu gehien eta zein gutxien?
Beldurrik handiena nion ariketa, bederatziko txikia zen. Zalantza boladatxo bat ere izan nuen abesten hasi nintzenean, baina barrutik behintzat oso erraz egin nuen ariketa izan zen, eta nire buruaren harridurarako oso gustora geratu naiz emaitzarekin. Gutxien puntu-erantzunak gustatu zaizkikt. Saiora joan aurretik segurtasunik handiena puntu-erantzunetan nuen, agian garbi nuelako ondo egin behar nuela, baina uste dut ez nuela nirea eman puntu-erantzunen ariketan.
Mikel Mendizabali eskaini diozu txapela, Goierriko Bertso Eskolari erreferentzia ere eginez. Ibilbide oso baten errepasoa izan da eskertza hori?
Dena ondo joaten batzen, esker hori nori zuzendu behar nion garbi nuen hasieratik. Abesten hasi nintzeneko urte haietan ondoan zein nituen oso gogoan dut, eta ibilbide guztia kontuan hartuta, Mikel Mendizabal izan da, agian, ni bertso-paperetatik kantura eramatearen erruduna.
Seguruenera berak ahalegin bat egin ez balu ni ez nintzateke kantuan hasiko, eta urte askoan gure atzetik tiraka ibili den pertsona izan da, gugan sinistu duena. Horregatik, Goierriko Bertso Eskola irudikatzeko pertsona bat aukeratzekotan, pertsonalki niri egin zidan tirakadagatik, uste dut beharrezkoa zela Mikel Mendizabal aipatzea. Horretarako aukera izan nuen eta erabakita nuen bezalaxe joan zen.
Urtarrilaren 1ean Ordizian elkartuko zarete zortzi finalistak, Argi Berri elkarteak eta Goierriko Bertso Eskolak antolatutako urteroko zitan. Saio berezia izango al da?
Ba berezia izan behar zuen, baina ezin izango dut Ordizian kantatu. Kanpoan izango naiz, eta ezinezkoa izango zait bertan egotea. Pena handia ematen dit, baina beste batean kantatu beharko dugu Goierrin.
Duela ia 30 urte, 1982an hasi zuen Goierriko Bertso Eskolak bere ibilbidea. Lehen garai haietatik, irakasle lanetan urte asko egindakoa da Mikel Mendizabal bertsolari itsasondoarra. Sarriegiri txapela jarri zioteneko unea «pozez» bizi izan zuela dio, eta haren garaipena «jende askorengana» iritsi dela, era berean, «jende askoren lana eta saiakera» dagoelako horren atzetik. 30 bat urte atzera eginda, gogoan du nola sortu zen bertso eskola. Joxe Munduate, Xabier Narbarte, Igor Eguren, Mikel Aranburu… haiena izan zen aurreneko belaunaldia. Aitor Sarriegi berriz, bigarren taldean sartu zen, Ekaitz Goikoetxea, Haritz Zeberio, Alaitz Sarasola eta Amaia Iztuetarekin batera.
Bertso eskolaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, Mendizabalek berak emandako babesa, eta eskenatokietara salto egiteko emandako laguntza ere eskertu ditu Sarriegik. Mendizabalek gogoan du «Aitor gauza askotan» zebilela garai hartan, «eta bere zalantza uneak ere izan zituen». Xanti Garmendia eta biak ziren orduko irakasleak; «biok animatu genuen, gaitasuna zuelako eta erraztasuna ikusten geniolako; eta probetxuzkoa izan zen bultzada hori».
Bertso eskola, osasun onean
Mende laurdenetik gorako ibilbidea egin eta gero, Goierriko Bertso Eskola «emankorra» izan dela dio Mikel Mendizabalek. «Hasieran arrakasta handia izan zuen, eta 90. hamarkadan eta, berrogei ikasleko taldeak eta etortzen ziren». Adinen eta mailaren arabera, talde ugari sortu zituzten, eta egun, ikasle horietako askok bertsotan jarraitzen dutela ikustea pozgarria da berarentzat. Talde horietako askok eskolarteko txapelketetan eta, emaitza onak lortu izan dituzte. Goi mailan ere, «Goierriko bertsolariak ondo ikusten ditut, aurrean dabiltza».
Gaur egun, Goierriko Bertso Eskola egoera onean ikusten du Mendizabalek. «Osasun onean dago, jende asko dagoelako atzetik; Argi Berri elkartea, udalak, irakasleak eta antolakuntza lanetan laguntzen duen jende asko». Egun Goierriko bertsolariak aurrean badabiltza, horiei guztiei esker dela dio. «Lortu dena, talde horren lanaren emaitza da. Horrelako sariek indarra ematen dute aurrera jarraitzeko».
Etorkizunari begira ere, «egonkor» ikusten du eskola. «Jende berria ere sartzen ari da, eta horiek ere emango dituzte emaitzak». Orain ordea, eskolak berak ere garai berrietara egokitzen jakin behar duela uste du.