Preso eta iheslarien gaia lantzeko herri bilgunea sortuko dute Beasainen
Preso eta iheslarien gaia landuko duen herri bilgunea sortu nahi dute Beasainen, eta horretarako lehen bilera gaur arratsaldean egingo dute, 19:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Antolatzaileek adierazi dutenez, «egoera politiko berriak jendartean sortu duen ilusioa ikusita» erabaki dute taldea sortzea, Euskal preso politikoek eta haien senideek gaur egun bizi duten «egoera bidegabea ahalik eta azkarren gainditzeko» asmoarekin. Mugimendu herritarra izatea da helburua, preso eta iheslarien gaia lantzeko «talde ahalik eta zabalena» osatuz: «Herri bilgunea, presoak eta iheslariak etxera ekarri nahi dituen orori dago zuzenduta, eta irekia, anitza, dinamikoa… izango da», zehaztu dute taldearen bultzatzaileek. Batzarrak autonomiaz jokatuko duela ere jakinarazi dute, nola lan egin taldeko partaide guztien adostasunarekin erabakiko baitute. Nazio mailan egingo dituzten hainbat ekintzekin eta erronkarekin bat egingo du baita Beasaingo taldeak. Ekintza horien artean, hileko azken ostiraletan egiten dituzten elkarretaratzeak «ekimen erraldoi» bihurtzea izango da helburuetako bat, eta preso zein iheslarien aldeko banderak ahalik eta txokorik gehienetara zabaltzea. «Muturreko neurrien amaiera» Azken hamarkadetan eman den «gatazka politikoari irtenbidea aurkitzeko bidean, preso politikoek jasaten dituzten muturreko neurriekin amaitzea eta preso zein iheslariak etxeratzea» izango dute xede beasaindarrek, eta bide horretan, osasun egoera larrienean dauden presoak kaleratzea eskatuko dute. Egin Dezagun Bidea ekimeneko helburuekin bat eginez, bestelako eskakizunak ere egingo [...]
Preso eta iheslarien gaia landuko duen herri bilgunea sortu nahi dute Beasainen, eta horretarako lehen bilera gaur arratsaldean egingo dute, 19:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Antolatzaileek adierazi dutenez, «egoera politiko berriak jendartean sortu duen ilusioa ikusita» erabaki dute taldea sortzea, Euskal preso politikoek eta haien senideek gaur egun bizi duten «egoera bidegabea ahalik eta azkarren gainditzeko» asmoarekin.
Mugimendu herritarra izatea da helburua, preso eta iheslarien gaia lantzeko «talde ahalik eta zabalena» osatuz: «Herri bilgunea, presoak eta iheslariak etxera ekarri nahi dituen orori dago zuzenduta, eta irekia, anitza, dinamikoa… izango da», zehaztu dute taldearen bultzatzaileek. Batzarrak autonomiaz jokatuko duela ere jakinarazi dute, nola lan egin taldeko partaide guztien adostasunarekin erabakiko baitute. Nazio mailan egingo dituzten hainbat ekintzekin eta erronkarekin bat egingo du baita Beasaingo taldeak.
Ekintza horien artean, hileko azken ostiraletan egiten dituzten elkarretaratzeak «ekimen erraldoi» bihurtzea izango da helburuetako bat, eta preso zein iheslarien aldeko banderak ahalik eta txokorik gehienetara zabaltzea.
«Muturreko neurrien amaiera»
Azken hamarkadetan eman den «gatazka politikoari irtenbidea aurkitzeko bidean, preso politikoek jasaten dituzten muturreko neurriekin amaitzea eta preso zein iheslariak etxeratzea» izango dute xede beasaindarrek, eta bide horretan, osasun egoera larrienean dauden presoak kaleratzea eskatuko dute.
Egin Dezagun Bidea ekimeneko helburuekin bat eginez, bestelako eskakizunak ere egingo dituztela adierazi dute antolatzaileek, hala nola, «kondena betea duten presoak kaleratzea, zigorraren hiru-laurdenak beteta dituzten presoak kaleratzea, dispertsio eta isolamendu politikarekin amaitzea eta Parot dotrina bertan behera geratzea».