Gastronomia sustatzea helburu
Eusko Jaurlaritzako Turismo saila produktu turistikoak sendotzeko egiten ari den ahaleginaren barruan, Goierrik «leku garrantzitsua» izango duela iragarri zuen Goiturrek joan den abenduan, eta ildo horretan, Goierri Gastronomika ekimena martxan jartzea izango da Goierriko turismo eragile nagusiak aurtengo du erronka nagusietako bat. Horrekin batera, kalitatea, irisgarritasuna eta berrikuntza bezalako gaiei jarraipena emango die, eta eskualdeko promozio eta komertzializazio turistikoa ere egingo du formatu ezberdinak erabiliz eta turismo azoketan presente egonez, aste honetan bertan Fiturren egin duten bezala, Madrilen.
Goierri Gastronomika planak sei ildo estrategiko ditu: produktu turistiko jakin horren sorrera; Goierriko kultura gastronomikoaren hedapena; azpiegitura eta zerbitzuen hobekuntza; formazioa eta berrikuntza; kalitatea; eta promozioa eta komertzializazioa. Ildo estrategiko horien pean, hainbat ekimen burura eramateko konpromisoa hartu du Goiturrek: Goierriko mapa gastronomikoa osatzea; Goierriko nortasun gastronomikoa sendotzea; Goierriko azpiegitura eta irudiaren hobekuntzarako programa; nazioarteko sareetan parte hartzea; eta Goierriko mahai gastronomikoa sortzea, besteak beste. Horrez gain, Ordiziako azokaren 500. urteurrena sustatuko du Goiturrek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Lehen sustapen lana Fitur azokan egin dute.
Natura, bigarren lan ildoa
Goiturrek aurreko urteetan landutako marketin planaren arabera, natura izango da aurtengo bigarren lan ildo nagusia. Senderismoaren alorrera bideratuko du indarrik gehiena, Aizkorri-Aratz eta Aralar natur parkeak, Mutiloa-Ormaiztegi bide berdea eta Gaztaren ibilbidea ikur hartuta. Kultura, Donejakue bidea, Goierrin egin daitezkeen esperientzia turistikoak eta zirkuituak izango dira Goierrik bisitariei eskainiko dizkien produktu turistikoak.
Goierri-Tolosaldea lankidetzarekin ere jarraituko du aurten Goiturrek, bazkideei aholkularitza ere emango die, eta kalitatearen, irisgarritasunaren eta berrikuntzaren arloan beste urrats bat egin nahi du. Mapa turistiko berria ere kaleratuko du aurten.