Lizeoko aurkezpena
Gaur goizean Ikasle Abertzaleak taldearen aurkezpenak egin dituzte Urretxuko eta Zumarragako Lizeoan eta Joxe Mari Iparragirre institutoan. Batan eta bestean, jolasorduan egin dituzte saioak, eta bietan ere 30 lagun inguru batu dira aurkezpenak entzutera. Oo har, ikasleen interesarekin eta harrerarekin “oso pozik” agertu dira bai hizlariak eta baita ikasleak eurak ere.
Lehen hiruhilekoan sortu zitzaien DBHko eta batxilergoko ikasle batzuei aurkezpen hauek egiteko ideia. Ikastetxeetan ikasle mugimendurik “ez zegoela” ikusi, eta heziguneetan bizi duten egoera landuko zuten ikasle taldeak sortzeko “beharra” ikusi zutelako. Esan dutenez, “Euskalduntzearekiko eta antolatzeko zailtasunekiko kezkak” bultzatu zituen aurkezpenak prestatzera.
Institutoko aurkezpena
Ikasle Abertzaleak antolakundeak jorratzen dituen ildo nagusiak azaldu dituzte gaur ikastetxeetan: “euskaraz ikasteko eta euskal edukiak jasotzeko eskubidea, eskolan ikuspegi feminista jasotzeko eskubidea, ikasleei dagozkien eskubide demokratikoen defentsa (adierazpen askatasuna, greba eskubidea, ikastetxeko erabakietan parte hartzeko eskubidea…)”, eta amaieran, zalantzak argitzeko tartearen ondoren, ikastetxeko egoeraren gaineko azterketa egiteko txosten bat banatu diete ikasleei, bete dezaten. Gerora, eztabaidatu egin dute. Adierazi dutenez, diagnosi hau lagungarria izan ohi zaie “ikasle taldea osatu eta gerora zein gai landu behar duten erabakitzerako orduan”.
Aurrera begira lanean jarraituko dutela iragarri dute.