Sei artisten lanak erakutsiko dituzte Legazpiko Juan Cruz ileapaindegian
Legazpiko Juan Cruz ileapaindegia arte gune ere bihurtu da. Susana Jodra artistaren koadroak ditu ikusgai paretetatik, eta ez dira aurten bertan ikusi ahal izango diren bakarrak. Ileapaindegiko jabeak, Juan Cruz Fernandezek, Gorka Salmeron argazkilari...
Legazpiko Juan Cruz ileapaindegia arte gune ere bihurtu da. Susana Jodra artistaren koadroak ditu ikusgai paretetatik, eta ez dira aurten bertan ikusi ahal izango diren bakarrak.
Ileapaindegiko jabeak, Juan Cruz Fernandezek, Gorka Salmeron argazkilari eta artista legazpiarraren laguntzaz antolatzen ditu erakusketak. Salmeron beraren argazki batzuekin ireki zieten bidea artistei, eta ordundik erakusketa ugari jaso ditu ileapaindegiak. Aurten, sei erakusketa egingo dituzte. Jodra sopelarraren lanak urtarrila eta otsaila bitartean egongo dira ikusgai. Martxoan eta apirilean Jon Mikel San Millan legazpiarraren lanek apainduko dituzte paretak. Maiatzean eta ekainean Julian Auzmendi argazkilari legazpiarraren irudiak jasoko dituzte, uztailean eta abuztuan Peio Goello hernaniarraren pinturak, eta irailean eta urrian, Javi Gonzalez legazpiarraren obrak beteko du hutsunea. Oraindik ere zehaztu gabe dute azaroan eta abenduan eskainiko duten erakusketa.
Susana Jodraren erakusketari Ehundurak eratuz, loturak askatuz izena eman diote. «Harreman batzuk ehuntzen goazen heinean, beste batzuk askatuz doaz», dio Jodrak hitzekin jolastuz, «baina ez dira ehundura zuzenak izaten, hari desberdinez eratutako korapiloak baizik». Ideia horretatik, kakorratzarekin giza jokamoldearen parekotasunak aurkitzen ditu. Hariak eta ileak duten parekotasunagatik ere, ileapaindegian erakusketa egiteko gai aproposa iruditu zaiola dio Jodrak. Grabatu paperetan egindako inprimaketa digitalak erabili ditu oinarritzat, eta hauen gainean, teknika eta material gehiago gehitu ditu.