«Karikaturak egiteko aurpegietan beste zerbait bilatu behar da»
Jose Manuel Bereziartua Berek (Urretxu, 1963) karikaturak nola egiten diren erakutsiko du Zumarragako Arte Ederren Udal Eskolan. Bigarren karikatura ikastaroa da. Iaz egin zuen lehenengoa, eta ikasleak jarraitzeko gogoz geratu zirela esan du eskolako irakasle Dorleta Ugarteburuk.
Zelai Arizti kultur etxean dago eskolaren egoitza. Ikastaroa hilaren 22an hasiko da eta hamabi ordukoa izango da, martxoaren 28ra arte. Izena otsailaren 13tik 16ra eman daiteke Zumarragako eskolan bertan.
Aurreko urteko ikastaroaren jarraipena izango al da hastera doana?
Jende berria etor daiteke. Iaz, ez ginen lagun asko elkartu, baina oso gustura aritu ginen. Ondo pasatu genuen eta ikasleek beste ikastaro bat egiteko eskatu zuten. Ez da erraza karikaturak egitea, aurpegiek keinu asko dituzte eta ikasleak urduri ibili ziren, ezinean; hala ere, gozatu zutela uste dut.
Kalean jartzen zara karikaturak egiten eta saltzen. Ikasgelara sartzea oso ezberdina al da?
Irakastea ezberdina dela konturatu naiz. Ez da batere erraza. Jendea motibatu egin behar duzu, eta horregatik ez dut irakaslearen rola hartzen. Ikasleei beldurra kentzea garrantzitsuena da. Proposamen bat egin eta iaz jasotzen nuen erantzun ohikoena ondokoa zen: «baina, nik ez dakit hori egiten». Ume guztiek marrazten ez dakiten arren, lotsarik gabe saiatzen dira. Antzekoa eskatzen diet nik ikasleei.
Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak?
Hamabi ordutan ezin diet gauza handirik erakutsi. Nire asmoa, ikasleei karikaturak egiteko gogoa piztea da, motibatzea. Karikatura ona egitea zaila da, eta ikastaro batean ezin da dena ikasi. Lehenengo laguntzatako ikastaro bat egiten baduzu, ez zara medikua. Eskolen helburua ikasleek, behin ikastaroa amaituta, euren kasa marrazten jarraitzea da.
Negu partean kalean lan egitea zailagoa izango da, ezta?
Sevillatik nator, han negua ez da hain gogorra. Beste toki batera joateko asmoz atera nintzen Urretxutik, baina Sevillan amaitu nuen. Kalean margotu nahi baduzu, negurako alternatibak bilatu behar dituzu. Sevillan jende asko dago kalean eta nahiko malguak dira kalean lan egiten dugunokin. Gabonetan arazo gehiago izan nituen. Merkatariek eta ostalariek kaleak ‘garbi’ egotea eskatu zuten eta hiruzpalau tokitatik alde egiteko eskatu zidaten.
Euskal Herriko hainbat herritan ere jarri izan zara.
Bai. Donostian askotan egon naiz. Hondarribin ere bai.
Nola egiten du artista batek bere tokia kalean?
Iritsi eta soka bat jartzen dut zuhaitz batetik farola batera, adibidez. Sokan zintzilikatzen ditut aurretik egindako lanak. Jendeak galdetu egiten du, eta lana nola egiten dudan erakusteko, norbaiti eskatzen diot karikatura egiteko jar dadin. Prest agertzen denari karikatura oparitzen diot. Egunean hiruzpalau lan oparitzen ditut.
Zenbat saltzen dituzu eguneko?
Egun on batean hogei karikatura inguru. Azkenerako eskuak bakarrik margotzen duenaren irudipena daukat, bitxia da. Beste zerbaitetan pentsatzen egon zaitezke eta aldi berean margotzen ari zara.
Zer dauka karikaturak beste erretratu mota batek ez duena?
Erretratuak errazago egin daitezke. Ikusten duzuna kopiatu dezakezu. Karikaturak beste zerbait dauka, beste zerbait bilatu behar duzu aurrean daukazun aurpegi horretan. Behin, lanean negoela haur batek amari karikatura zer den galdetu zion. Amak horrela erantzun zion: «aurpegiaren muturreko ezaugarriak ateratzea. Sudur handia badu, handiagoa margotzea, adibidez».
Hori al da?
Karikatura dena da eta ezer ez. Aurpegi berdina mila modutara irudikatu daiteke. Hasi aurretik ez dakizu nola amaituko duzun. Kalean, ni bezala karikaturak egiten ari direnak ikusten ditut, eta gutako hamabik pertsona berdinaren karikatura egingo bagenu, ez litzateke inoiz marrazki bera izango. Nolanahi ere, ez nuke jakingo esaten karikatura zehazki zer den.
Ordenagailuarekin lan egiten hasi zara.
Zenbait jenderi iruditzen zaio ordenagailuan argazki bat sartu eta karikatura bakarrik ateratzen dela. Hori ez da horrela. Karikatura egiten duenak hor egon behar du. Duela hilabete batzuk hasi naiz tableta erabiltzen.
Karikaturak egiteko enkarguak jasotzen dituzu.
Bai. Argazki zaharrak berritzen ditut eta karikaturak enkarguz egiten ditut.
Nola gonbidatuko zenuke jendea ikastaroa egitera?
Ondo pasatuko dutela esanda.