Literatur sorkuntza sustatzeko
Hiru dira, besteak beste, Ordiziako Kimetz emakume elkarteak literatur kontaketa lehiaketa antolatuta lortu nahi dituen helburuak: emakumezkoen artean sorkuntza literarioa sustatzea, arte horretan emakumeek joka dezaketen papera bistaraztea eta emakume elkarteen ohiko estereotipoa aldatzea. Hasierako helburu horiek betetzen ari dira, Belen Balerdi Kimetz elkarteko kideak adierazi duenez, hemezortzi urte bete baitira aurreneko deialdia egin zutenetik, eta eduki aldetik ere lan «oso txukunak» jaso dituztelako, mundu guztiko bazter ugaritatik iritsitakoak. Aurtengo deialdia egin dute dagoeneko. Literatur lehiaketa antolatzen hasi aurretik, literatur tertuliak egiten zituzten Kimetzekoek irakurketa sustatzeko. Luisa Etxenike donostiar idazleak egin zituen dinamizatzaile lanak. “Hurrengo urteetan kontaketa laburren lehiaketaren bat antolatzeko ideia bururatu zitzaigun, eta Luisa Etxenikek berak ere begiz onez ikusi zuen, eta martxan jartzen lagundu zigun. Idaztea gustatzen zaion jendeari haien lanak ezagutzera emateko aukera eman nahi genion lehiaketarekin”, gogoratu du Balerdik. Zabalkunde handikoa Bestelako lehiaketak bai, baina literaturarekin lotuta Ordizian antolatzen den lehiaketa bakarra da Kimetzek antolatzen duena. “Euskal Autonomi Erkidego mailan badaude lehiaketak antolatzen dituzten beste emakume elkarte batzuk, baina gai oso zehatzak lantzen dituzte, eta ez dut uste horren zabalkunde handia dutenik”. Ohiko postaz udaletxe, unibertsitate, kultur zentro eta antzekoetara bidaltzen dute lehiaketari buruzko informazioa, posta elektronikoz hedabideetara, eta literaturarekin zerikusia duten webguneak ere erabiltzen [...]
Hiru dira, besteak beste, Ordiziako Kimetz emakume elkarteak literatur kontaketa lehiaketa antolatuta lortu nahi dituen helburuak: emakumezkoen artean sorkuntza literarioa sustatzea, arte horretan emakumeek joka dezaketen papera bistaraztea eta emakume elkarteen ohiko estereotipoa aldatzea. Hasierako helburu horiek betetzen ari dira, Belen Balerdi Kimetz elkarteko kideak adierazi duenez, hemezortzi urte bete baitira aurreneko deialdia egin zutenetik, eta eduki aldetik ere lan «oso txukunak» jaso dituztelako, mundu guztiko bazter ugaritatik iritsitakoak. Aurtengo deialdia egin dute dagoeneko.
Literatur lehiaketa antolatzen hasi aurretik, literatur tertuliak egiten zituzten Kimetzekoek irakurketa sustatzeko. Luisa Etxenike donostiar idazleak egin zituen dinamizatzaile lanak. “Hurrengo urteetan kontaketa laburren lehiaketaren bat antolatzeko ideia bururatu zitzaigun, eta Luisa Etxenikek berak ere begiz onez ikusi zuen, eta martxan jartzen lagundu zigun. Idaztea gustatzen zaion jendeari haien lanak ezagutzera emateko aukera eman nahi genion lehiaketarekin”, gogoratu du Balerdik.
Zabalkunde handikoa
Bestelako lehiaketak bai, baina literaturarekin lotuta Ordizian antolatzen den lehiaketa bakarra da Kimetzek antolatzen duena. “Euskal Autonomi Erkidego mailan badaude lehiaketak antolatzen dituzten beste emakume elkarte batzuk, baina gai oso zehatzak lantzen dituzte, eta ez dut uste horren zabalkunde handia dutenik”. Ohiko postaz udaletxe, unibertsitate, kultur zentro eta antzekoetara bidaltzen dute lehiaketari buruzko informazioa, posta elektronikoz hedabideetara, eta literaturarekin zerikusia duten webguneak ere erabiltzen dituzte zabalkundea egiteko. “Interneten jarri orduko, lanak iristen hasten dira. Udalak ere jartzen du bere orrian, eta Gazte Zerbitzuaren bidez beste gazteen eremura iristen saiatzen gara”.
Argentinatik, Kubatik, Txiletik, Inglaterratik eta beste hamaika herrialdetatik jaso izan dituzte lanak Kimetzekoek. 2008an, esaterako, Jorge Luis Sagrera argentinarrak irabazi zuen gaztelerazko atalean, eta saria jasotzera ezin izan zuenez etorri, esker idatzi bat helarazi zien antolatzaileei. “Lehiaketak horrenbeste urtean bizirik irautea aipagarria dela esaten zigun, eta idaztea gustuko dutenentzat aukera bikaina dela norberaren literatur maila ebaluatzeko”. Belen Balerdik urte hauen guztien balorazio baikorra egin du, eta Sagrarok egiten duen irakurketaren haritik, bere lekua bilatu duen lehiaketa dela nabarmendu du. “Guk aurrera egitea lortu dugu, eta ea aurten ere jendea parte hartzera animatzen den”.
Euskarazko lanak, herren
Batekoz beste ehun lan jasotzen dituzte urtero, eta 18. urtea dela kontuan hartuta, 1.800 literatur lan jaso dituzte. Proportzioan, euskarazko lan gutxiago jasotzen dituzte, eta Balerdik ez daki zergatik. “Agian ez dugu asmatzen zabalkundea egiten”. Asko ez badira ere, ordiziarrek ere parte hartzen dute lehiaketan. “Urte batean zortzi aurkeztu ziren”. Ekainean egingo da aurtengo sari banaketa, Barrenan.
Apirilaren 10erako bidali behar dira kontaketa lehiaketarako lanak
Kimetz emakumeen elkarteak ireki du dagoeneko 18. kontaketa lehiaketara lanak aurkezteko epea. Lanak apirilaren 10erako aurkeztu behar dira Barrena kultur etxean (Nikola Lekuona plaza, 155 P.K.), kartazal itxiaren azalean egilearen izengoitia aipatuz, eta barrenean egilearen izena, helbidea eta telefonoa jarriz.
Lanen gaia librea da, eta gutxienez 5 orrialde izango ditu, eta gehienez 10. Lan bakoitzaren hiru kopia bidali behar dira. Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea kontuan hartuko da. Lehen bi sari banatuko dira, euskarazko eta gaztelerazkoa (600na euro). Emakume batek egindako kontaketa onenari 200 euro emango dizkiote, eta ordiziar batek egindakoari 150.














