Zeraingo Udala erosi zituen lur sailetan bertako zuhaitzak landatzen ari da
Zeraingo Udalak Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren segidan zeuden lur sailak erosi zituen. Egun lur horietan zeuden pinuak atera eta bertako zuhaitzak landatzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik 400.000 euroko diru laguntza jaso zuen Zeraing...
Zeraingo Udalak Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren segidan zeuden lur sailak erosi zituen. Egun lur horietan zeuden pinuak atera eta bertako zuhaitzak landatzen ari da.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik 400.000 euroko diru laguntza jaso zuen Zeraingo Udalak 2010ean, eta 2011an berriz, 200.000 eurokoa. Helburua Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren segidan dauden lur sailak erostea, pixkanaka bertako pinuak kentzen joatea eta bertako zuhaitzak landatzea zen. Guztira 30 hektarea eskuratu zituen udalak.
Eguraldiarengatik atzeratuta
Iaz, urte bukaeran erosi zituzten lurrak. Sailak garbitzeari eta bertako zuhaitzak landatzeari ere ekin zioten. Jose Manuel Oria Zeraingo alkateak esan duenez, une honetan hamabost bat hektareatan kendu dute pinua, eta bertako zuhaitzak landatu dituzte, hala nola, pagoak, arteak, haginak… «Lanen erdia berriz, atzeratu egin behar izan dugu elurrarengatik. Eguraldiak lagundu zain gaude berriz ekiteko».
Oriak aipatu duenez lur sail horietan zeuden pinu zaharrak atera egin dituzte erabat. Pinu gazteei dagokionean, beraien tarteetan hostozabalak landatzen ari dira. «Hori da helburua pinu gazteak bakanduz joatea, eta etorkizun batean denak kentzea».
Hemendik apirilera bitartean egingo dituzte landaketa lanak. Behin zeregin horiek bukatuta, basoan garbiketa lanak egin beharko dituzte tarteka «hau da, edozein landaketa egiten denean bezala, guri interesatzen zaizkigun zuhaitzak belar txar eta sasietatik bereizteko zaindu egin beharko ditugu».