Zubeldiak eta Ramirezek poesia musikatuen saioa egingo dute Zaldibian
Koldo Zubeldia olerkari zaldibiarrak poesia errezitaldia egingo du bihar herrikideen aurrean, noizean behin halako kultur ekitaldiak garatzeko duen ohiturari segiz. Beste batzuetan bezala, Pello Ramirez biolontxelo-jotzaile ordiziarra izango du lagun; ...
Koldo Zubeldia olerkari zaldibiarrak poesia errezitaldia egingo du bihar herrikideen aurrean, noizean behin halako kultur ekitaldiak garatzeko duen ohiturari segiz. Beste batzuetan bezala, Pello Ramirez biolontxelo-jotzaile ordiziarra izango du lagun; testuen irakurketa eta biolontxe doinuak txandakatuko dituzte autoreek.
Otsaileko hitzen ildotik jarri dio izenburua biharko jardunari. 35-40 poema errezitatuko ditu jendaurrean. Zaldibiako antzokian 19:00etan hasiko da irakurketa musikatua; ordubete inguru iraungo du. Sarrera libre da.
Zubeldiak bost poema-liburu ditu argitaratuta, autoekoizpenaren bidetik. Aralar, gogoko iturri azkeneko laneko olerkiak eta orduz geroztik idatzi dituen gehiago aukeratu ditu errezitaldirako. «Antologia poetikoa liburukoak sartzea ere baliteke», gehitu du.
Sentimendua zutabe
Biharko irakurketan entzun ahalko diren olerkiek gai askori buruz dihardute, baina «sentimendua» dute denek lotailu: «Herriko giroa, natura, euskara, desagertzear jarri nahi duten aberria… lantzen ditut poemetan. Sentimendu puruak dira nire poemak, asko sentitzen ditudanak, herriminarekin eta errimarekin ondo eginak».