
ELA sindikatuaren ustez, lan erreforma langileen eskubideei azken hamarkadetan egin zaien “erasorik bortitzena” da. Zentzu horretan, sindikatu abertzaleak “beharrezkotzat” jo du martxoaren 29ko greba orokorra, eta Goierriko langileei bertan parte hartzeko deia egin die. Bestalde, aipatu du alternatibak badaudela, eta haiek aurrera eramateko beharra aldarrikatu du.
ELAren ustez lan erreformak langileen soldatak “erasotzea eta jaistea” dute ezkutuko helburutzat. Bere ustez, “bidegabeko” kaleratzeak merketu egin dituzte, eta 20 eguneko kaleratzeak orokortu. Enpresariek soldata jaitsi ditzakete, eta “absentismoan” oinarrituta, bajan dauden langileak kaleratu egin ditzakete. ELAren arabera, Enplegu Erregulazio Espedienteek ez dute Administrazio Publikoaren baimenik beharko, eta Hitzarmen Kolektiboen aplikazio eza erreztu egin dute. Kontratuetan langilearen froga epea urte bateraino luzatu dute. ELAren arabera lan erreformaren ondorioak “latzak dira, eta gainera, ez dira hemen bukatuko, etrokizunean murrizketa gehiago eta erreforma gehiago egingo dituzte iragarri baitute”.
Sindikatu abertzalearen arabera arrazoi”ugari” daude greba egiteko, baina egoera “horren aurrean alternatibak” badaudela aipatu du, eta aurrera eraman behar direla azpimarratu du. “Botere esparru guztietan dago zer egina, gaurtik hasita”.