Bilduri atez ateko sistema inposatu nahia egotzi dio PSE-EEk
Legazpiko PSE-EEk Bilduren udal gobernuak «beldurraren diskurtsoaren bitartez» zaborra jasotzeko atez ateko sistema inposatu nahi duela adierazi du. Atez atekoa «zikinagoa, deserosoagoa, garestiagoa eta zatarragoa» dela diote sozialistek. Legazpiko...
Legazpiko PSE-EEk Bilduren udal gobernuak «beldurraren diskurtsoaren bitartez» zaborra jasotzeko atez ateko sistema inposatu nahi duela adierazi du. Atez atekoa «zikinagoa, deserosoagoa, garestiagoa eta zatarragoa» dela diote sozialistek.
Legazpiko alkate Kepa Urtzelaik Gipuzkoako Hondakinen Partzuergora otsailaren 7an bidalitako gutuna oinarri hartu du PSE-EEk. Gutun horretan, Urtzelaik, udal gobernuaren izenean, Legazpin atez atekoa ipintzeko asmoa agertzen zuen. Oscar Valbuena Legazpiko PSE-EEko bozeramaileak gaiari buruzko «eztabaida gardena eta zintzoa» eskatu du.
Alderdi sozialistak bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten duela baieztatu du Valbuenak. Edukiontzien aukera hobesten du: «Kaleetan dauden edukiontzi itxien alde gaude, birzikla daitezkeen hondakinak jasotzeko aukera onena dela uste dugu».
Gaiaren inguruko mozioa
Sozialistaren ustez, zabortegiek errauste plantek baino gehiago kutsatzen dute. PSE-EEk Legazpiko udaletxean etzi izango den osoko bilkuran mozioa aurkeztuko du. Sozialistek aurreratu dutenaren arabera, hiru puntu izango ditu mozio horrek: atez atekoaren ezarpenaren kontra egingo dute, birziklatze tasa igotzeko beharra dagoela berrestea eskatuko diote udal gobernuari eta hondakin organikoak tratatzeko plantak Gipuzkoan eraikitzearen alde egiteko exijituko diote Bilduri.













