Aurreneko helburua, beteta
Denboraldi borobil bati merezi zuen bukaera eman dio Beasainek. Sailkapeneko laugarren postuan bukatu dute liga erregularra, eta ondorioz, 2.B mailarako igoera fasea jokatuko dute. Aurreneko partida, etxean jokatuko dute gainera, igande honetan. Klubak, zaleek orain arte erakutsitako babesa eskertu, eta datorren kanporaketari begira, «festak jarrai dezala» lortu nahi du. Ligako azken partida erabakigarria zen beasaindarrentzat. Larunbatean Leioa aldera jo zuten Iker Lasaren mutilek. Igoera fasea gertu bazuten ere, puntu bat behar zuten, sailkapena ziurtatzeko. Koldo Zaldua Beasain taldeko presidenteak azaldu duenez, hobeto jokatu bazuten ere, ez zen partida erosoa izan. «Lehenengo zatian taldea oso ondo atera zen eta pare bat aukera izan genituen; beraiek ez zuten arriskurik sortu. Bigarrenean zer edo zer gehixeago egin zuten, baina gauza handirik ez. Gehiago zen hutsean joateak ematen duen urduritasuna». Golik egiten asmatu ez bazuten ere, husnako berdinketa garaipen baten moduan ospatu zuten, Beasaindik joandako zaleekin batera. Taldearen joko onari, zaleen babesa gehitu behar zaio, beasaindarrek autobus bat bete baitzuten taldea animatzera Bizkaia aldera joateko. «Oso momentu polita» izan dela dio Zalduak. «Asko animatu zuten, umeak ere asko joan ziren, denak taldearen kamisetekin, polita izan zen, bai». Joaneko partida, etxean Asteburuko puntuari esker, Beasainek laugarren postuan bukatu du denboraldia, 72 punturekin. Hala, igoera fasea jokatzeko sailkatu dira, Laudio, [...]
Denboraldi borobil bati merezi zuen bukaera eman dio Beasainek. Sailkapeneko laugarren postuan bukatu dute liga erregularra, eta ondorioz, 2.B mailarako igoera fasea jokatuko dute. Aurreneko partida, etxean jokatuko dute gainera, igande honetan. Klubak, zaleek orain arte erakutsitako babesa eskertu, eta datorren kanporaketari begira, «festak jarrai dezala» lortu nahi du.
Ligako azken partida erabakigarria zen beasaindarrentzat. Larunbatean Leioa aldera jo zuten Iker Lasaren mutilek. Igoera fasea gertu bazuten ere, puntu bat behar zuten, sailkapena ziurtatzeko. Koldo Zaldua Beasain taldeko presidenteak azaldu duenez, hobeto jokatu bazuten ere, ez zen partida erosoa izan. «Lehenengo zatian taldea oso ondo atera zen eta pare bat aukera izan genituen; beraiek ez zuten arriskurik sortu. Bigarrenean zer edo zer gehixeago egin zuten, baina gauza handirik ez. Gehiago zen hutsean joateak ematen duen urduritasuna». Golik egiten asmatu ez bazuten ere, husnako berdinketa garaipen baten moduan ospatu zuten, Beasaindik joandako zaleekin batera.
Taldearen joko onari, zaleen babesa gehitu behar zaio, beasaindarrek autobus bat bete baitzuten taldea animatzera Bizkaia aldera joateko. «Oso momentu polita» izan dela dio Zalduak. «Asko animatu zuten, umeak ere asko joan ziren, denak taldearen kamisetekin, polita izan zen, bai».
Joaneko partida, etxean
Asteburuko puntuari esker, Beasainek laugarren postuan bukatu du denboraldia, 72 punturekin. Hala, igoera fasea jokatzeko sailkatu dira, Laudio, Barakaldo eta Portugaleterekin batera. Denera, 3. maila osatzen duten 18 multzoetako launa taldek (denera 72) jokatuko dute igoerako play off-a.
Atzo arratsaldean egin zuten taldeen zozketa, Espainiako Futbol Federazioak Madrilen duen egoitzan. Beasaini, VI. multzoan bigarren gelditu den Levante B taldea egokitu zaio. Data eta lekua ere badakizkite dagoeneko: Igande honetan izango da kanporaketako joanekoa, 18:00etan, Loinatz zelaian. Partida hori festetan izateak, etxekoen alde egin dezakeela dio Zalduak, «aukera ona izan daiteke taldea animatzera jende asko joateko». Bueltako partida, berriz, hilaren 26an jokatuko lukete, aurkariaren zelaian.
Beheko taldeak, gora begira
Beasainek denboraldi on bat borobiltzea lortu du, igoera fasea jokatzeko sailkatuta. Baina ez da lorpenak egiten ari den klubeko talde bakarra. Beheko mailetan ere, gora begira daude beasaindarrak. Bigarren taldeak, esaterako, esku eskura du preferente mailarako igoera. Erregional mailan ari dira, Urolari 5-0 irabazi eta gero, lidertzan daude, 37 punturekin, partida bakarraren faltan. Azken sailkatua den Urkiren kontra jokatuko dute datorren asteburuan.
Erregional mailako nesken taldeak ere, aurreneko postuan bukatu du liga, eta ondorioz, mailaz igoko dira datorren denboraldian. Azkenik, kadeteen ohorezko mailako taldea ere, igoera fasea jokatzen ari da, eta helburu hori lortzeko «aukera handia» duela uste du Zalduak. Hori guztia ikusita, gustura agertu da presidentea; «azkenean talde nagusia da gehien ateratzen dena, baina azpiko mailetan ere ondo ari gara, eta taldea oso ondo dago».