Ordizia eta Irura arteko radarrak ez du isunik jarriko, ibilgailuen bataz besteko abiadura jaitsi egin baita
N-1 errepideko Ordizia eta Irura arteko radarrak bete du bere helburua; trafikoa moteltzea lortu dute eta horrenbestez, hemendik aurrera ez da isun gehiagoren beharrik izango. Hala jakinarazi zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko arduradunek. Urtebeteko epean, 6.000 arau hauste detektatu dituzte radar horren bidez. Baina horri baina garrantzia handiagoa eman diote autoen abiadura jaitsi izanari. Bataz beste, orduko 8,3 kilometroan jaitsi da abiadura hori, eta zati batzuetan, jaitsiera orduko 13 kilometrotik gorakoa izan da. Istripuen tasa berriz, %16,7 jaitsi da. Iazko martxoan jarri zuten Ordizia eta Irura arteko radarra. «Estatu mailan aire librean jarritako lehendabiziko tarteko radarra» izan zela gogorarazi du Amparo Lopez trafiko arloko zuzendariak. Iñaki Egiara trafiko zuzendaritzako ingeniariak, berriz, garai hartan, N-1ean «zirkulazio arazo larria» zutela esan du, radarra jarri aurretik, bost ibilgailutatik batek ez baitzuen abiadura muga errespetatzen. Aurreneko hilabeteetan, salaketarik jarri gabe ere, «jendea polikiago ibiltzen» hasi zen. Duela urtebete berriz, isunak jartzen hasi ziren. Aurreneko hilabetean, 1.143 salaketa jarri zituzten. Kopuru hori, ordea, hilabetez hilabete jaisten joan da, eta aurtengo apirilean, 305 izan ziren. Guztira, hamabi hilabete horietan, 6.000 salaketa inguru jarri dituzte. Hori, ordea, «ez da kopuru handia» Egiararen hitzetan, izan ere, «errepide hori egunean 20.000 ibilgailuk erabiltzen dute. Beraz, urtean 7 milioi ibilgailutik 6 milak bakarrik jaso dute isuna». Amparo Lopezek [...]
N-1 errepideko Ordizia eta Irura arteko radarrak bete du bere helburua; trafikoa moteltzea lortu dute eta horrenbestez, hemendik aurrera ez da isun gehiagoren beharrik izango. Hala jakinarazi zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko arduradunek. Urtebeteko epean, 6.000 arau hauste detektatu dituzte radar horren bidez. Baina horri baina garrantzia handiagoa eman diote autoen abiadura jaitsi izanari. Bataz beste, orduko 8,3 kilometroan jaitsi da abiadura hori, eta zati batzuetan, jaitsiera orduko 13 kilometrotik gorakoa izan da. Istripuen tasa berriz, %16,7 jaitsi da.
Iazko martxoan jarri zuten Ordizia eta Irura arteko radarra. «Estatu mailan aire librean jarritako lehendabiziko tarteko radarra» izan zela gogorarazi du Amparo Lopez trafiko arloko zuzendariak. Iñaki Egiara trafiko zuzendaritzako ingeniariak, berriz, garai hartan, N-1ean «zirkulazio arazo larria» zutela esan du, radarra jarri aurretik, bost ibilgailutatik batek ez baitzuen abiadura muga errespetatzen. Aurreneko hilabeteetan, salaketarik jarri gabe ere, «jendea polikiago ibiltzen» hasi zen.
Duela urtebete berriz, isunak jartzen hasi ziren. Aurreneko hilabetean, 1.143 salaketa jarri zituzten. Kopuru hori, ordea, hilabetez hilabete jaisten joan da, eta aurtengo apirilean, 305 izan ziren. Guztira, hamabi hilabete horietan, 6.000 salaketa inguru jarri dituzte. Hori, ordea, «ez da kopuru handia» Egiararen hitzetan, izan ere, «errepide hori egunean 20.000 ibilgailuk erabiltzen dute. Beraz, urtean 7 milioi ibilgailutik 6 milak bakarrik jaso dute isuna». Amparo Lopezek ere, neurri horren helburua ez zela «salaketak jarri eta dirua biltzea» gogorarazi du. Horregatik, behin hasierako helburuak beteta, «ez du zentzurik isunak jartzen segitzeak».
Ordizia eta Irura arteko radarrak isun gehiagorik jarriko ez badu ere, martxan mantenduko dutela jakinarazi du Amparo Lopezek, horri esker, «azpiegitura hori hobeto aztertzen laguntzen diguten datu interesgarriak» lortzen baitituzte. Baina auto gidariek ohitura txarrak berriro har ez ditzaten, «abiadura kontrolatzen jarraitu» egingo dutela azaldu zuen Lopezek. «Alegiako radar finkoa mantendu egingo dugu, eta Ertzaintzari kontrol mugikor gehiago jar ditzala eskatu diogu».
Hiru zati, orduko 80 kilometroan
Herrizaingo Saileko trafiko arduradunen ustez, radar honek eman duen emaitzarik esanguratsuenetako bat, istripu tasaren jaitsiera izan da; iaztik %16,7 gutxitu dira ezbeharrak N-1eko zati horretan. Eta orokorrean autoen abiadura jaitsi bada ere, istripu horietako asko «ezarritakoa baino abiadura txikiagoan» gertatu direla esan dute. Zentzu horretan, hiru «puntu beltz» azpimarratu dituzte, hirurak ere, bihurguneak: Arama eta Itsasondo artekoa, Alegia eta Tolosa artekoa eta Anoeta parean dagoena. Hiru puntu horietan gertatu dira Ordizia-Irura zatiko istripurik gehienetan. Arama eta Itsasondo artekoan, esaterako, autoen bataz besteko abiadura orduko 82 kilometrokoa da.
Herrizaingo Saileko arduradunek datu horien berri eman diote Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide zuzendaritzari, eta hark, ezbehar tasarik handiena duten hiru puntu horietan «abiadura mugak aldatzeko konpromisoa» hartu du. Egiarak ez du zehaztu abiadura muga hori zenbatekoa izango den, aztertu egin beharko delako, baina orduko 80 kilometro ingurukoa izango dela aurreratu du.