Irailaren 26an greba egiteko deia luzatu dute ELAk eta LABek Goierrin
ELA eta LAB sindikatuek prentsa agerraldiak eskaini dituzte gaur goizean Goierrin, irailaren 26an egingo den grebarako deia eginez. Langile goierritarrei grebarekin bat egiteko eskatu diete, deialdiak erantzun zabala izatea «beharrezkotzat» joz. «Beste batzuek sortutako krisia, langileak ari gara ordaintzen» azaldu dute ELA sindikatuko kideek eta etorkizunean «murrizketa eta erreforma gehiago» egongo direla ere aurreikusi dute: «besteak beste pentsioen murrizketak aipatzen ari dira». LAB sindikatuko ordezkariek greba orokorra «justifikatuta» dagoela eta «beharrezkoa» dela azaldu dute: «Diru publikoa bankuei oparitu, eta herritarrentzat murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga igoerak eta soldata jaitsierak. Hau da, miseria». Hilaren 26ko geldialdia «orain arte egin diguten iruzur sozial eta politiko handiena» dagoelako planteatu dute sindikatuek.
Bestalde, Euskal Herriko politikariei «murrizketak hemen ez aplikatzeko eta politika fiskalak eta sozialak aldatzeko» dei egin diete, krisitik ateratzeko bide zuzena dela argudiatuz.
Datozen egunetan eskualde mailan aurrera eramango diren ekintzak:
• Hilaren 22an, Donostian Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo dela eta, Goierritik autobusak antolatuko dituzte.
• Greba aurreko egunetan enpresa txikienetan «piketeak informazioa banatzen» arituko dira
Greba egunean bertan ohiko egitaraua mantenduko dute: piketeak goizean, herrialdeko manifestazioa eguerdian Donostian, eta eskualde mailakoak arratsaldean, 18:00etan hasita.