«Talde asko pasa ditut baina hemen dagoen talde girorik ez dut toki askotan aurkitu»
Beasaingo taldearen aurtengo fitxajerik sonatuenetako bat izan da Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980). Realean urte batzuk egin eta gero, talde eta maila askotan aritu izan da, tartean Rayo Vallecanon, Real Unionen eta Lemoan. Beasainen gustura dagoela dio, talde giro ona dagoelako, eta batez ere, futbola eta musika uztartzeko aukera eman diotelako. Larunbat gauean, Beasain Football Fest jaialdian joko du. Beasainen aurtengo fitxajeetako bat izan zara. Zer nolako taldea aurkitu duzu? Jokalari batzuk lehendik ezagutzen nituen, beste talde batzutan batera ibili garelako. Baina jende gazte asko aurkitu dut, jatorra eta ilusio handiarekin. Futbolean urte asko daramatzat, talde asko pasa ditut eta denetik ikusi izan dut. Baina hemen dagoen talde giroa ez dut leku askotan aurkitu. Elkarren artean giro sanoa dago, oso etxekoa, ez dago halako konpetitibitaterik; inork ez du inor zapaldu nahi berak jokatzearren. Eta nola ikusi duzu zeure burua? Ondo egokitu al zara taldera? Azken urteak 2.B mailan egin ditut, eta hamahiru-hamalau urte baziren, Sanseren garaitik, 3. mailan jokatzen ez nuena. Ia 32 urte baditut, eta dagoeneko beteranoa naizela esan daiteke. Horregatik nire intentzioa da taldeari eta jokalari gazteagoei laguntzea, niri beste taldeetan lagundu izan didaten bezala. Ibilbide luzeko jokalaria zara. Esperientziaz gain, zer eskaini diezaiokezu taldeari? Ez naiz sekula izar bat izan, eta kategoria [...]
Beasaingo taldearen aurtengo fitxajerik sonatuenetako bat izan da Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980). Realean urte batzuk egin eta gero, talde eta maila askotan aritu izan da, tartean Rayo Vallecanon, Real Unionen eta Lemoan. Beasainen gustura dagoela dio, talde giro ona dagoelako, eta batez ere, futbola eta musika uztartzeko aukera eman diotelako. Larunbat gauean, Beasain Football Fest jaialdian joko du.
Beasainen aurtengo fitxajeetako bat izan zara. Zer nolako taldea aurkitu duzu?
Jokalari batzuk lehendik ezagutzen nituen, beste talde batzutan batera ibili garelako. Baina jende gazte asko aurkitu dut, jatorra eta ilusio handiarekin. Futbolean urte asko daramatzat, talde asko pasa ditut eta denetik ikusi izan dut. Baina hemen dagoen talde giroa ez dut leku askotan aurkitu. Elkarren artean giro sanoa dago, oso etxekoa, ez dago halako konpetitibitaterik; inork ez du inor zapaldu nahi berak jokatzearren.
Eta nola ikusi duzu zeure burua? Ondo egokitu al zara taldera?
Azken urteak 2.B mailan egin ditut, eta hamahiru-hamalau urte baziren, Sanseren garaitik, 3. mailan jokatzen ez nuena. Ia 32 urte baditut, eta dagoeneko beteranoa naizela esan daiteke. Horregatik nire intentzioa da taldeari eta jokalari gazteagoei laguntzea, niri beste taldeetan lagundu izan didaten bezala.
Ibilbide luzeko jokalaria zara. Esperientziaz gain, zer eskaini diezaiokezu taldeari?
Ez naiz sekula izar bat izan, eta kategoria honetan ere ez da hori nire asmoa. Atzeko postu guztietan jokatzeko aukera daukat, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, baina nik uste polibalentzia hori eta dudan esperientzia izan direla ni taldera ekartzeko arrazoietako batzuk.
Gogoa ere bai, ezta?
Bai, gogoa ere bai. Seguru asko 19 urterekin beste ilusio bat izango nuen futbolerako, baina behin talde batekin konpromiso bat hartzen duzunean, taldeari konfiantza hori bueltatu behar diozu, beste hainbat gauzaren artean, soldata bat ematen dizutelako, eta horregatik bakarrik bada ere, errespetu bat zor zaio taldeari.
Aurre denboraldi ona egin zenuten, baina liga hasiera…
Kaxkarra izan da, bai. Oraindik goizegi da urduri jartzen hasteko, baina egia da taldea oso denboraldi ona egitetik datorrela eta jendeak espektatiba berdinak izango ditu. Guk ere badugu hor goian egoteko nahia eta pixkanaka hasi beharko dugu bidea zuzentzen.
Asteburuan Football Fest jaialdia ospatuko duzue, baina aurretik, Balmasedaren kontra ariko zarete.
Taldekideek diotenez, oso talde gogorra omen da. Publiko aldetik jende gehiago espero dugu, eta haien babesa beharko dugu. Gauzak hasieratik ondo ateratzen ez badira, espero dut urduriegi ez jartzea. Azkenean zaleen babesa oso garrantzitsua da guretzat.
Aurreneko partidetako arantza hori atera nahiko duzue.
Ez arantza hori kentzeko bakarrik, baita beharrezkoa delako ere, azkenean, bi punturekin baikaude hor atzean.
Arratsaldean partida, eta gauean kontzertua. Nola uztartzen dituzu futbola eta musika?
Zaila da. Eta egia esateko, biak uztartzeko aukera hori izan da Beasainera etortzeko arrazoietako bat. Beste batzuk zortzi orduko lana dute, eta nik kontzertuen kontu hau dut. 32 urterekin ez nago gauzak ezkutatzen aritzeko adinean; entrenatzailearekin hitz egin nuen eta asteburu batzutan, igandean partida eta larunbatean kontzertua izango nituela esan nion, eta klubak askatasun hori eman dit, beti ere lehentasuna taldeari emanda. Eta hori izan da, beste askoren artean, aurten hemen egoteko arrazoietako bat.
Van Popel taldearekin hasi zinen, baina bakarka ere aritzen zara.
Bai, nik sortutako abestiak jotzen ditut, bai bakarka eta bai taldean. Kontua da askotan taldearekin alde batetik bestera ibiltzea lan handiagoa izaten dela, eta gaur egun, jendea ez dago dirua oparitzeko. Askotan bai kontratatzen duenari eta bai guri, hobeto etortzen zaigu bakarka eta formatu txikian jotzea.
Saioetan musika eta umorea uztartzen dituzu, ezta?
Bai, nahi gabe hasi zen zerbait izan zen. Kantek nire bizitzaz hitz egiten dute, desamoreak, zeloak eta denori pasatzen zaizkigun gauzei buruz. Kontzertuak ematen hasi nintzenean, kantei sarrera batzuk egiten hasi nintzen. Ez naiz umorista, baina azalpen horiei umore puntu bat sartzen hasi nintzen eta jendeak ondo erreakzionatzen zuela ikusita, berdin jarraitu dut. Ordu betez edo ordu eta laurdenez jendeak ondo pasatzen duela uste dut, eta ez dut hori baina pretentsio handiagorik.
Horrelako festarik ezagutu al duzu ibili izan zaren taldeetan?
Egia esan ez dut horrelakorik bizi izan. Gainera aukera ematea, taldekide izanda, beste era batera parte hartu eta klubari aportazio bat egiteko, eskertzen dudan zerbait da. Niretzat ere aukera bat da Goierriko jendeak ezagutu nazan.