Ordiziar ahotsak uhinetan
Duela laurogei urte, Donostiako Union Radio emisora euskarazko irratsaio bat emititzen hasi zen, astero. Euskal kulturgintzako pertsonaia eta kultur talde asko pasa ziren estudio hartatik, tartean, Ordiziako Eusko Abesbatza.
Euskarazko irratsaio jarraituak ematen hasi zireneko 80. urtemuga bete da aurten. 36ko Gerra aurretik euskaraz eta euskal kulturaren eta folklorearen inguruko hainbat irratsaio egin zituzten. Aurrenekoak 1925 eta 1927 urteen artean egin bazituzten ere, 1932ko martxoan hasi ziren asteroko euskarazko emanaldi finkoak egiten Donostiako Union Radio irratian.
Euskarazko irratsaio hori asteazkenetan ematen zuten eta ordubeteko iraupena izaten zuen. Bi urte eta erdi iraun zituen saioak eta 137 saio emititu zituzten, harik eta 1934ko urrian, Espainiako Errepublikako gobernuak irratsaioa debekatu zuen arte. Joseba Zubimendi Luzear zen saio haren zuzendaria eta Ander Arzelus speaker edo esataria; harekin batera aritzen zen bere alaba, Amale Arzelus, euskal irratigintzaren lehenengo emakumezko esataria eta aktorea.
Irratsaio hartan, garaiko euskaltzaleek, kultur eragile eta taldeek eta musikariek parte hartzen zuten. Tartean ziren, besteak beste, Joxe Ariztimuño Aitzol, Xabier Lizardi, Telesforo Monzon, Orixe, Elbira Zipitria edota Basarri. Hitzak eta abestiak, denak zuzenean grabatzen zituzten, eta sarritan, jende asko biltzen zen estudioan.
Saio horretan parte hartu zuen taldeetako bat, Ordiziako Eusko Abesbatza izan zen. Gerra aurreko urteetan makina bat saio eta kontzertu egin zituen talde horrek, Garate jaunak zuzenduta. 1934ko martxoan, irratsaioa debekatu aurretik, Union Radiok Donostian zuen estudioan izan ziren ordiziarrak, zuzeneko saio haietako batean zenbait kanta abesten. Esteban Aranburu piano jotzaileak gidatuta, Usabiaga andereinoak bakarlari lanak egin zituen, hainbat emakumezko ahotsek lagunduta.