Herri plataformak udaletxeko areto nagusiraino eraman du bere aldarria
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak udaleko azken osoko bilkuraraino eraman du bere protesta. Udal gobernuak proposatzen duen atez ateko zabor bilketa sistemaren aurka bildutako 3.683 sinaduren isla den pankarta eskuan udaletxeko areto nagusian agertu ziren plataformako zenbait kide. Pasa den ostiralean egin zen Legazpin osoko bilkura. Irailaren 26ko greba zela eta egunez aldatu eta gero. Bilkurak luze jo zuen, ia hiru ordu iraun zituen. Gai ugari eztabaidatu ziren baina amaieran herri plataformak hartu zuen hitza, eta beste behin, udal gobernuak ezarri nahi duen atez ateko sistemaren gaiak bereganatu zuen arreta. Javier Urcelayk udaletxera, azalpen bat eman eta udal gobernuari eta alkateari eskaera bat egiteko asmoz gerturatu zirela azaldu zuen plataformaren izenean. «Alkateari udal gobernuaren konpromisoa herritarren eskaerei erantzutea dela entzun diogu pare bat aldiz osoko bilkuran zehar. Eta pozten gara», hasi zuen bere azalpena Urcelayk. 3.683 legazpiarren izenean, atez ateko sistema bertan behera uztearen eta 5. edukiontzia ezartzearen alde hitz egiten zuela gogoratu zuen. Hori dela herritarren nahia baina orain arte ez dutela aintzat hartu aurpegiratu zion udal gobernuari. Gainontzean, alkateari eta udal gobernuari 3.683 legazpiarren sinadurak babestuta atez ateko sistema arbuiatu eta 5. edukiontziaren alde egiten duen pankarta udaletxeko balkoian jartzeko baimena eskatu zien. Sistema eraginkorrena [...]
Legazpiko Birziklapena bai, atez atekorik ez herri plataformak udaleko azken osoko bilkuraraino eraman du bere protesta. Udal gobernuak proposatzen duen atez ateko zabor bilketa sistemaren aurka bildutako 3.683 sinaduren isla den pankarta eskuan udaletxeko areto nagusian agertu ziren plataformako zenbait kide.
Pasa den ostiralean egin zen Legazpin osoko bilkura. Irailaren 26ko greba zela eta egunez aldatu eta gero. Bilkurak luze jo zuen, ia hiru ordu iraun zituen. Gai ugari eztabaidatu ziren baina amaieran herri plataformak hartu zuen hitza, eta beste behin, udal gobernuak ezarri nahi duen atez ateko sistemaren gaiak bereganatu zuen arreta.
Javier Urcelayk udaletxera, azalpen bat eman eta udal gobernuari eta alkateari eskaera bat egiteko asmoz gerturatu zirela azaldu zuen plataformaren izenean. «Alkateari udal gobernuaren konpromisoa herritarren eskaerei erantzutea dela entzun diogu pare bat aldiz osoko bilkuran zehar. Eta pozten gara», hasi zuen bere azalpena Urcelayk. 3.683 legazpiarren izenean, atez ateko sistema bertan behera uztearen eta 5. edukiontzia ezartzearen alde hitz egiten zuela gogoratu zuen. Hori dela herritarren nahia baina orain arte ez dutela aintzat hartu aurpegiratu zion udal gobernuari.
Gainontzean, alkateari eta udal gobernuari 3.683 legazpiarren sinadurak babestuta atez ateko sistema arbuiatu eta 5. edukiontziaren alde egiten duen pankarta udaletxeko balkoian jartzeko baimena eskatu zien.
Sistema eraginkorrena
Igor Urrate ingurugiro zinegotziak hartu zuen hitza aurrena. Udal gobernuaren atez ateko sistemaren aldeko hautua berretsi zuen. Herri plataformak bere agerraldian behin eta berriz erreferentzia egin zion legazpiarren zerrenda izan zuen hizpide, eta «xehetasun asko zehazteke» daudela azpimarratu zuen. Parte hartzeko modu ezberdinak daudela esan eta gero, notario aurrean izenpetutako zerrenda zalantzan jarri zuen, «inork ez baitu bermatzen sinatu duten guztiak 18 urtetik gora dituztela, edo errepikatu gabeak direla» azpimarratuz.
Kutsatzeak ez duela aukera bat izan behar uste du Urratek. Horregatik ez dute gaiaren inguruko galdeketarik egingo. Atez atekoa «orain arte birziklatze tasa altuenak eman dituen sistema da, eta horregatik egingo dugu bere alde», gaineratu zuen. Kepa Urtzelai alkateak jarraitu zuen egindako eskaerari erantzunez. «Ezin dugu kartela balkoian jartzeko baimenik eman, hala erabaki baikenuen mozio bidez osoko bilkura batean», adierazi zuen.
Oposizioko alderdietako ordezkariek ere hartu zuten parte sortu zen eztabaidan. Hala, EAJko Jabier Iraetak plataformaren ideiekin bat egiten dutela jakinarazi zuen. Bide batez, Sasieta atez ateakoren gainean egiten ari den azterketa zertan den galdetu zion alkateari, zein koste izango duen, adibidez. Alkateak lanketa momentuz Sasietaren esku dagoela eta datuak bere momentuan jakinaraziko direla erantzun zion.
PSE-EEko Oscar Valbuenak bere babesa eskaini zion plataformari eta udal gobernuari «horrelako sinadura bilketa bat ezin dela deslegitimatu» gogorarazi zion. Gai honek herrian sortu duen «krispazioa» saihestea «udal gobernuaren betebeharra» dela esanez amaitu zuen.













